NAIZ

Irungo Udaleko Memoria Zerbitzuak barkamena eskatu, eta itzulpena eskainiko duela agindu du

Kepa Ordoki elkarteko kideei oroimen historikoaren hitzaldia gaztelaniaz egin behar zutela adierazi zien Irungo Udalak, «arrazoi politikoak» argudiatuta. Orain «barkamena» eskatu die «beren hizkuntz eskubideak errespetatuak izan ez zirela uste dutenei» eta «hutsegitea» zuzentzeko prest azaldu da.

Kepa Ordokiko kideak hitzaldia ematen.
Kepa Ordokiko kideak hitzaldia ematen. (KEPA ORDOKI ELKARTEA)

Otsailaren 28tik martxoaren 2ra, Irungo Udalak ‘Memoria Demokratikoari buruzko Estatu Mailako Biltzarra’ antolatu zuen Ficoba eta EHUren laguntzarekin. Hitzaldietako bat Kepa Ordoki–Memoria Historikoa Bidasoan elkarteak eman behar zuen, eta antolakuntzak «arrazoi politikoengatik» gaztelania erabili behar zutela adierazi zien. Elkarteko kideek «oso larritzat» jo zuten gertatutakoa eta gogorarazi zuten Udalaren betebeharra dela entzuleei interpretazio zerbitzua eskaintzea. Gertatutakoaren berri eman zioten Arartekoari, baita Kontseiluari eta Behatokiari ere. Arartekoak esan zien ikertzen hasiko zela; Behatokiak, aldiz, oharra zabaldu zuen astelehen honetan, salaketa plazaratzeko. Irungo Udalaren erantzunaren zain zeuden, eta atzo iritsi zen.

Irungo Udalaren webgunean ageri da oharra. Bertan, Memoria Historikorako Zerbitzuak aitortzen du «gaztelaniari eman zitzaiola lehentasuna» eta ez zela euskarazko aldibereko itzulpenik izan. Hori dela-eta, «barkamena» eskatzen diete «beren hizkuntz eskubideak errespetatuak izan ez zirela uste dutenei», eta ziurtatzen dute «hurrengo edizioetarako hutsegitea zuzenduko dela».

Nolanahi ere, argitu dutenez, «parte-hartzaile guztiei aurrez eman zitzaizkien hitzaldien xehetasunak, eta hizlarietako batek ere ez zuen iradoki ez eskatu hitzaldia beste hizkuntza batean ematea; horrelakorik iradoki edo eskatu izan balitz, aurrez aurkitu zitekeen konponbidea». Gainera, zerbitzuko kideek gogoratu dutenez, «hizlari batzuek bi hizkuntzatan eman zituzten azalpenak, eta ez zen inongo arazorik izan horregatik».

Pozik kongresuarekin

Bide batez, aipatu dute pozik daudela Memoria Demokratikoko lehenbiziko Estatu Kongresuaren bilakaerarekin. Hainbat unibertsitate eta maila akademikotako 20 hizlarik baino gehiagok parte hartu dute.  

Eskerrak eman dizkiete kongresua osatu duen batzorde akademikoari eta EHUko Historia Garaikideko Sailari. «Kongresuak iraun duen egunetan, Estatu osoko adin guztietako pertsonak bildu dira Ficoban: gizonak zein emakumeak, ikasleak zein erretiratuak; guztira, 779 entzule».

Memoria Historikorako Bulegoaren esanetan, memoria historikoa jendartean zabaltzeko pauso bat gehiago izan da kongresua, herritarrek gaiari buruz eta, batez ere, Irungo historiari buruz ikasteko. Bulegoak antolatu duen lehenengo jarduera akademikoa izan da, eta ez da azkena izango.