Urtzi Urrutikoetxea

Robert Laxalt, AEBko diasporaren idazlea, gogoratuko dute Renon

Bizi balitz, ehun urte beteko zituzkeen aurten Robert Laxalt euskal-amerikar idazleak. Renon (Nevada) jaioa, baxenabartar eta zuberotar gurasoak zituen. Jaioterrian bertan prestatu diote omenaldia euskal diasporaren kontalari ezagunenari.

Robert Laxalti buruz Warren Lerudek 2013an idatzi zuen liburuaren azala.
Robert Laxalti buruz Warren Lerudek 2013an idatzi zuen liburuaren azala. (NAIZ)

Literaturaz eta kazetaritzaz mintzatuko dira egunotan Renon, baita diasporaz eta euskal nortasunaz ere, ‘Euskal-amerikar literatura aitzindari bat: Robert Laxalt’ izenburupeko jardunaldietan. Eremu akademikoaz gain, euskal komunitatearen ospakizuna ere izango da, ostegun arratsaldean bereziki, musika, dantza eta bertsoak izango baitira.

Euskal emigrazioaren ohiko adibidea da Robert Laxalt neurri batean: Ameriketan bertan elkar ezagutu eta ezkondu ziren gurasoak, «emigratu zuen lehen belaunaldiarentzat ohikoa zen hori, amerikar bikotea izatea arraroa zen. Aurreiritziak zeuden, hizkuntza ere hor zegoen, artzain zetozen asko» dio Xabier Irujo Nevada-Renoko Unibertsitateko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroko presidenteak, bere kasua ere halaxe izan baitzen Venezuelan, euskal erbesteratuen familia batean.

Bigarren belaunaldiko seme zen Laxalt, Nevadan jaioa, umetan euskaraz egin arren etxean gero erabat ingelesez hazia. «Artzain etorritako batentzat gaitz okerrena semea ere artzain izatea zen, erabateko porrota zen. Badira arrantxoa eta hor artaldea dutenak, baina ez artzainak direnak». Lehen belaunaldiarentzat sortutako boarding house ostatuak ere ez ziren behar eta asko jatetxe bihurtu ziren. «Horregatik sukaldari asko dago bigarren belaunaldian, baita belarzainak, tailer mekanikoetako langileak, politikariak, irakasleak… denetik dago».

Ezohiko familia

Euskal-amerikarren ohiko bidea jarraituta ere, «Laxalt familia ez da arrunta: seme bat Nevadako gobernadore izan zen, bestea, Robert, idazle, eragin handikoa hemen, Pulitzer sarirako hautagai izan zen». Oro har, «Euskal Herrian legez, letretako jende askorik ez da egon, idazle gutxi izan da euskal komunitatean. Bertsolariak bai, Ipar zein Hego Amerikan zaletasun handia egon da». Todor Azurtza, Martin Goikoetxea eta Johnny Kurutxet euskal-amerikar bertsolariekin batera, Xabier Euzkitze izango da Renon ostegun honetako ekitaldian.

«Konferentzian Robert Laxalten ibilbide profesionala aztertuko dugu. Unibertsitatean pisu handia dauka, Nevada Press argitaletxea sortu zuen, eta kazetaritza departamenduaren sortzaileetako bat izan zen». Horrekin batera etorri ziren «Renoko Euskal Ikergunea, eta nola zabaldu zuen Euskal Kultura eta euskal herritarraren irudia Nevadan».

‘Sweet Promised Land’ 1957ko nobelak erabateko eragina izan zuen horretan, «hemen euskaldun izatea plus bat da, politikan ere bai, jende langilea, noblea, leiala, irudi hori dago». Nobela 1988an argitaratu zen euskaraz, ‘Dominique: artzain xiberutar bat Nevadan’ izenburupean, Xabier Mendiguren Bereziartuk itzulita. Aurretik, Pulitzer sarirako hautagai izan zen ‘Kafea hartzea Iruñean’ (‘A Cup of Tea in Pamplona’) itzuli zuen Mendigurenek.

Laxalt familiaren eragina zenbaterainokoa den Nevadan, anekdota batekin gogorarazi du Irujok: «Paul anaiari gaizki zihoakion 1974ko hauteskunde-kanpaina eta aholkulariek Sweet Promised Land berriz argitaratu arazi zioten Roberti, Paulen omenezko epilogo batekin. Berak ez zuen nahi nobela bat joko politikoan erabiltzerik, baina onartu zuen. Horrek badu bigarren irakurketa bat: euskaldunek zuten irudiagatik irabazi zuela Paul Laxaltek».

Ospakizuna

Roberten alaba Monique Laxaltek egingo du ostegunean jardunaldien irekiera. Aitari buruz idatzi zuen ‘Deep Blue Memories’ ere badago euskaraz, ‘Oroitzapen urdin iluna’ izenburupean (‘Nevadako kolorea da urdin iluna’). «Biografia baino gehiago, gogoeta da. Dominique eta Therese, Robert Laxalten gurasoak euskaldun petoak ziren, ingeles gutxi zekiten, hurrengoek txikitan euskaraz eta gero ingelesez egiten dute eta Moniqueren belaunaldian Euskal Herriarekiko harremana urtu egiten da, ez dakite euskaraz».

Eta hala ere, euskal nortasun oso berezi bat garatu dute Estatu Batuetako mendebaldean. «Han ez zuten izan hemen izan zuten isla. Agian Zuberoan bai, baina Euskal Herrian ezezagunak dira» dio Irujok laxaltarrei buruz. Obra oparoa utzi zuen Robert Laxaltek, «lan handia eta balio handikoa. Horretan zentratuko ditugu jardunaldiak».

Lan horren esparruak aztertu ondotik, ostiral arratsaldean bertso-eskolei buruz Euskal Ikasketen Guneak argitaratu duen liburua aurkeztuko dute. Gero, arratsaldeko ospakizunean, Euskal Herritik etorritako Maddi Agirre eta Mikel Petrirena txistulariak, bertsolariak, eta Renoko Zazpiak Bat dantza-taldeko dantzariak izango dira.