NAIZ

ELAk greba orokorrerako Euskal Herriko Mugimendu Feministaren proposamena aztertuko du

Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokor feminista jarri zuen mugarritzat eta ELAk proposamena aztertuko duela adierazi du ostegun honetan. Grebaren aldarrikapenekiko adostasuna agertu du sindikatuak, momentuz.

Euskal Herriko Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen atzo.
Euskal Herriko Mugimendu Feministak agerraldia egin zuen atzo. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Greba feminista orokorra egiteko mugimendu feministaren aldarrikapenekin bat datorrela adierazi du ELA sindikatuak, eta lanuzte hori egiteko proposamena aztertuko du. Leire Gallego ELAko genero politika eta gizarte ekintzako arduradunak Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba feminista orokorra egiteko planteamendua izan du hizpide ostegun honetan, Martxoaren 8aren biharamunean, «zaintzarako eskubide kolektiboa» aldarrikatzeko «oinarrizko eskubideen murrizketen aurrean».

ELAko ordezkariak gogora ekarri duenez, ‘Bizitzak erdigunean’ plataforma eratu zenean, ekimenak Gasteizen antolatu zituen jardunaldietan parte hartu zuten, eta «puntu komun batzuk eta akordioak» atera ziren bertatik. Ildo horretan, ELA ere bat dator mugimendu feministak «greba orokorrerako mahai gainean» jarri dituen aldarrikapenekin.

«Uste dugu gureak ere badiren aldarrikapenak direla, 2019an eta 2020an deitutako greba feministetan bezala», gaineratu du. Gallegok adierazi duenez, ELAk zaintza sistema publikoa, unibertsala, doakoa eta kalitatezkoa aldarrikatzen du, eta orain greba feministaren «proposamena aztertzea eta mugimendu feministarekin batera lantzea» egokituko zaiela aurreratu du.

Martxoaren 8an adierazi zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak greba orokorra zutela hurrengo mugarritzat, «zaintza erdigunean jartzeko». Agerraldian azaldu zuten ‘Denon Bizitzak Erdigunean’ izeneko prozesu partekatu bati ekin nahi diotela.

LABek bat egin du

LABek greba orokor feministarekin bat egiteko proposamena sindikatuko zuzendaritzak egin behar duen Nazio Biltzarrera eramango duela adierazi zuen, asteazkenean bertan.

Halaber, LABek «mugimendu feministak greba orokor feministarako eginiko borroka-planteamenduarekin» bat egiten duela baieztatu zuten, azpimarratuz zaintzarena egun gure jendartean dugun arazorik larrienetakoa dela.