Manex Altuna

Iribar, oso eskertuta eta hunkituta futbolaren munduak egindako omenaldiarekin

Talde ezberdinetako atezainek bere 80. urteurrena dela-eta azken jardunaldian egindako keinu guztiak «bihotzera» iritsi zaizkiola azpimarratu du eta baita Athleticeri erakutsitako errespetua goraipatu. «Negar asko egin dut, baina emozioz gainezka», aitortu du mito zuri-gorriak.

Jose Angel Iribar, Athleticek zabaldutako irudietan.
Jose Angel Iribar, Athleticek zabaldutako irudietan. (@AthleticClub)

Jose Angel Iribarrek 80 urte egin zituen joan den martxoaren 1ean eta bere itzalak gero eta luzeagoa izaten jarraitzen duela agerian utzi du jasotako omenaldiak. Sarritan esan ohi da omenaldiak bizirik daudenean egin behar direla eta Iribarrek aukera izan du futbolaren munduak zenbat maite duen sentitzeko.

Athleticek sare sozialetan zabaldutako bideo batean azpimarratzen duenez, oso eskertuta eta hunkituta dago eta egindako keinu guztiak «nire bihotzera eta nire familiarenera iritsi dira». Iribarren iritziz, berari egindako omenaldiak talde zuri-gorria «errespetatzen» eta «miresten» dutela erakutsi du eta baita ere «bakarrak garela».

Athleticek bultzatu zuen omenaldia eta babes zabala jaso du. «Futbola kirol zoragarria da eta elkartuta gehiago», nabarmendu nahi izan du Iribarrek bere esker mezuan. Azken jardunaldian Ligako partida guztietan gogoan izan dute mito zuri-gorria. Bigarren Mailan eta behe mailetako partidetan ere oroitu dute zarauztarra. Atezainek beltzez jantzita jokatu dute berak erabiltzen zuen janzkera gogora ekarriz eta argazki bat egin dute partida hasi aurretik. Iribar omentzeko ekimenak, atezainen eginkizuna goraipatzeko ere balio izan du.

Athleticekin partida gehien jokatu dituen jokalaria da zarauztarra, baina pertsona bezala ere oso maitatua eta miretsia da bere ibilbidean erakutsitako balio eta jarrerarengatik. Iribarrek asteburuak utzitako hainbat irudi gogoratu nahi izan ditu. Athleticek Vallecasen aurkeztutako hamaikakoak elastiko beltzarekin egindako argazkia eta baita ere Lezamatik igaro diren atezain ezberdinek utzitako irudiak. «Negar asko egin dut, baina emozioz gainezka», aitortu du.

Remiro Realarekin, Aitor Fernandez Osasunan, Herrerin Valentzian, Raul Fernandez Granadan, Ezkieta Santanderreko Racingen... Lesionaturik jokatu ezin izan duen Unai Simon gogoan izan du eta Kepa Arrizabalagak Chelsearekin beroketak egiteko erabilitako kamiseta azpimarratu du. Manchester United taldearekin Liverpoolen kontra zazpi gol jaso zituen De Gea ere aipatu du. Beltzez jokatzen saiatu zen, baina araudiarengatik ezin izan zuen. «Igandean sufritu nuen zugatik. Atezaina, ekaitz baten aurrean bakarrik. Lanbidea da», azaltzen du.

Mikel Laboaren ‘Izarren hautsa’ kanta pianorekin jotzen entzuten da Iribarren mezua eta Jon Maiak eskainitako bertsoarekin amaitzen da. Mito zuri-gorriak Bilboko Udalak eta Athleticek San Mamesen parean egin behar dioten «oparia» ere eskertu nahi izan du. Eskultura bat egingo dute eta Iribarrentzat kamiseta zuri-gorria jantzi duten jokalari guztientzako omenaldi bat izango da. Berari eskainitako abestia gogora ekarriz, Athletic bezalakorik ez dagoela esanez bukatzen du Iribarrek.