NAIZ

‘Bilbo Biziberritzeko bidean 2040’ plana aurkeztu du Maria del Rio EH Bilduren alkategaiak

Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak hiria biziberritzeko plana aurkeztu zuen. 2040 urtera begira pentsatutako plana da, azaldu zutenez, belaunaldi berrientzako hiri «bizigarriagoa» eraikitze aldera.

Maria del Rio EH Bilduren alkategaiak ‘Bilbo Biziberritzeko bidean 2040’ plana aurkeztu zuen.
Maria del Rio EH Bilduren alkategaiak ‘Bilbo Biziberritzeko bidean 2040’ plana aurkeztu zuen. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

EH Bildu Bilbok ekitaldi soziala egin du ostegun honetan, hiriaren trantsizio ekonomiko, sozial eta urbanorako oinarriak aurkezteko. Horren bidez, «euskal ereduaren aitzindari bihurtuko da, munduari lotuta», koalizioak adierazi duenez. ‘Bilbo Biziberritzeko Bidean 2040’ plana gizarte-berrikuntzako 5 ekosistematan egituratu dute: Komunitarioa, Merkataritza, Kulturala, Digitala eta Eko-soziala. «Hiriaren erronkei aurre egiteko benetako belaunaldi-erronka», nabarmendu du Maria del Rio EH Bilduren Bilboko alkategaiak.

Ekitaldian, Del Riok adierazi zuen 2040ko Bilbo amesteko prest daudela, «beraz, belaunaldien arteko erronka da hau». «Orain gure kaleetan lehen pausoak ematen hasten direnak denbora-tarte horretan adin-nagusitasunera iritsiko dira, eta hiri atseginago eta bizigarriago batean haztea nahi dugu», gaineratu zuen.

Bilboko marka euskal errealitateari bizkarra emanez eraikitzeko ahaleginen aurka agertu zen alkategaia. «Gure apustua da Bilbo euskal berrikuntzaren ereduaren aitzindaria izatea, munduari lotuta, baina gure nortasunaren eta kulturaren potentzialaren izpi guztiak aprobetxatuz», azpimarratu zuen.

Geldituta

EH Bilduren hautagaiak ohartarazi zuen Bilbo «geldituta» dagoela, «kudeaketa ezaren eta epe laburreko ikuspegiaren ondorioz». Ildo horretan, gogorarazi zuen hainbat adierazlek erakusten dutela Bilbon desberdintasunek gora egin dutela azken urteetan. «Bilbo metropolitarra Europa osoan gazteen langabezia-tasa handiena duten hiriguneen artean dago. Era berean, Eusko Jaurlaritzaren datuen arabera Bilbo pobrezia gehien duen hiria da. Ranking horien buru ez dugu izan nahi», adierazi zuen.

Azkenik, Del Riok «herritarrak ahaldunduko dituen gobernantza-eredu baten» aldeko apustua egin zuen. «Horizontalean eraiki behar dugu, orain arte bezala bertikalean egiteak lehendik zeuden gizarte-arrakalak areagotu eta zabaldu besterik ez duelako egiten», nabarmendu zuen.

Bilboko arlo sozialeko, akademikoko, ekonomikoko eta kulturaleko hainbat pertsona bildu ditu EH Bilduk ekitaldian, baita koalizio subiranistaren zenbait hautetsi ere. Hala nola, Oskar Matute Kongresuko diputatua, Idurre Bideguren senataria, Julen Arzuaga, Jasone Agirre eta Ikoitz Arrese legebiltzarkideak, Ander Rodriguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu ohia eta Iker Casanova ahaldun nagusirako hautagaia, beste askoren artean.