NAIZ

Uliazpin euskararen eskakizunaren kontrako epaia deitoratu dute LABek eta ELAk

LABek eta ELAk joan den asteko Uliazpi Fundazioaren lanpostuen inguruko epaia deitoratu dute eta «eraso larria» dela salatu dute. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen fundazioaren lan deialdian hainbat lanpostutan euskararen ezagutza eskatu izana.

Uliazpi Fundazioaren Donostiako egoitza.
Uliazpi Fundazioaren Donostiako egoitza. (ULIAZPI)

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliazpin 34 zaintzaile plaza betetzeko deialdia eta prozeduraren oinarriak baliogabetzat jotzen dituen epaia aztertu ondoren, Uliazpiko enpresa batzordearen gehiengoak, hau da LABen bost ordezkariek eta ELAren hirurek, «guztiz arbuiatzen duela» adierazi du. Beste bost ordezkari dituen CCOOk, aldiz, uko egin dio epaia gaitzesteko adierazpena babesteari, LAB eta ELAren arabera.

Hala, batzordearen gehiengoaren ustez, epaia «guztiz bidegabea» da langileek plaza bat lortzeko egin duten ahaleginarekin, Lan Eskaintza Publikoa egiteko 15 urte baino gehiago zain egon ondoren. Horretaz gain, erabiltzaileen, senideen eta erakunde publikoko langileen eskubideen «aurkako eraso larria» dela uste dute. Oinarri horiek, gainera, aho batez onartu zituzten batzordeko ordezkari diren sindikatu guztiek, Euskara Plana onartu zen bezala, zeinaren testutik eratorri baita aipatutako LEP.

Uliazpi adimen desgaitasuna duten pertsonen eta haien familien bizi kalitatea garatzen laguntzen duen erakundea da, «eta hizkuntza eskakizunak, herritarren eskubideei erantzuteaz gain, lanpostuaren ezaugarriei lotuta daude, erabiltzaileek behar dituzten laguntzak emateko beharrezkoak baitira», defendatu dute sindikatuek.

Hori dela eta, adierazpena babestu duten langileek uste dute epaiak «akats larria» egiten duela pertsona orok enplegu publiko bat lortzeko duen «eskubide generikoa eta lanpostu jakin baterako baldintzak betetzeko beharra nahasten dituenean». Izan ere, Uliazpin hezkuntza lanak egiteko, komunikazioa, eta, beraz, hizkuntzaren ezagutza, funtsezkoa da langileek esleituta dituzten zereginetan, sindikatuek nabarmendu dutenez.

LAB eta ELAren iritziz, epaimahaiak deialdia baliogabetzean, hizkuntza eskakizuna duten plazen kopurua gehiegizkoa dela iritzita, langileek plaza lortzeko egiten duten ahalegina «gutxiesteaz gain, urratu egiten du erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko duten betebeharra, eta urratu egiten ditu erakundeek duela 30 urte baino gehiagotik euskararen normalizazioan aurrera egiteko adostutako hizkuntza planak».

Horrekin batera, «urratu egiten du Uliazpiko erabiltzaileek behar dituzten laguntzak jasotzeko beraiek dakiten hizkuntzan komunikatzeko duten eskubidea».