NAIZ

Zurezko ontzien eraikuntza eta zaharberritzea sustatzeko akordio berria sinatu du Albaolak

Albaolak akordioa sinatu du Sustapen Ministerio espainoleko Merkataritza Ikasketako Zuzendaritzarekin, zurezko ontzien eraikuntza eta zaharberritzearen aldeko ekimenak lagundu eta garatzeko. Hala, Albaolaren ‘Aprendiztegi’ ontzigintza eskolak urteko 50.000 euroko laguntza jasoko du.

Benito Nuñez eta Xabier Agote, akordioa sinatzen.
Benito Nuñez eta Xabier Agote, akordioa sinatzen. (ALBAOLA)

Garraio Ministeritzaren mendekoa den Sustapen Ministerioko Merkataritza Itsasketako zuzendari Benito Nuñezek eta Albaola euskal itsas ondarearen aldeko elkartearen lehendakaria Xabier Agotek itsas ondarea suspertzearen aldeko hitzarmen bat sinatu dute; zurezko ontzien eraikuntzaren eta zaharberritzen aldeko ekimenak laguntzea eta garatzea da helburua.

Akordioa Donostiako Euskal Itsas Museoan sinatu dute ostiral goiz honetan eta, haren bidez, urtero 50.000 euro Albaolara bideratzeko konpromisoa hartu da.

Albaolatik azaldu dutenez, diru-laguntza honen bidez ontzi tradizionalen eraikuntza, birgaitzea eta ondarearen erabilera turistiko zein kulturala suspertzea bilatzen da besteak beste. Ekintza hauek ‘Aprendiztegi’ ontzi tradizionalak eraikitzeko teknikak irakatsi eta kontserbatzen diren nazioarteko eskolaren testuinguruan burutuko dira.

Tradizioa berreraikitzen

Albaolaren helburua egun desagertuak dauden lanbideak, nabigazio tradizionala eta ontzi eraikuntzaren teknologia berreskuratzea da eta, besteren artean, XVI. mendeko baleontzi baten eraikuntza burutzen ari da, San Juan baleontziaren eraikuntza hain zuzen ere.

Horrez gain, XIX. mendeko arrantza-traineru baten eraikuntza abian da, eta baita itsas salbamenduko ontzi baten zaharberritzea ere, besteak beste.

Ekintza eta erakusketa ezberdinen bidez euskal itsas ondarearen ikerkuntza eta hedapena ere jorratzen da bertan, itsas ondarea mundu mailan zabaltzeko helburuarekin.