NAIZ

Europar Batasunaren «kontrol arrazistak» salatu ditu Irunen Elkarrekin Podemosek

Iruneko Podemosek eta Gure Morada elkarteak antolatutako migrazio-politikei buruzko jardunaldiaren baitan, Madrilgo Podemoseko Serigne Mbayék «kontrol arrazistak» salatu ditu Avenida zubian.

Podemoseko ordezkaritza bat Irungo Avenida zubian izan da, tartean, Serigne Mbayé Madrilgo Asanbladako diputatua.
Podemoseko ordezkaritza bat Irungo Avenida zubian izan da, tartean, Serigne Mbayé Madrilgo Asanbladako diputatua. (PODEMOS)

Serigne Mbayé Podemoseko Madrilgo Asanbladako diputatua Irunen izan da gaur, migrazio-politikei buruz Elkarrekin Podemos Irunek eta Gure Morada elkarteak antolatutako jardunaldian. Ekitaldiak Avenida zubian izandako topaketa politiko batekin hasi dira. Bertan daude frantziar Gobernuak migratzaileei igarotzea galarazteko jarritako hesiak eta kontrol polizialak. «Onartezina da EBk Irungo mugan kontrol arrazistak onartzen jarraitzea», salatu du Madrilgo Asanbladako diputatuak.

Mbayek mugetako kontrolak eta jarrera arrazistak desagerraraztea eskatu du, «benetan herrialde justu bat eraiki nahi badugu, bizikidetza bat». «EBk giza eskubideak errespetatu behar ditu, eta Espainiak Afrikatik datozen pertsonei mugak ixteko lan zikina egiteari utzi behar dio», gaineratu du.

Mbayéz gain, ekitaldian izan dira Miren Echeveste Elkarrekin Podemos Ezker Anitza-IU Alianza Verdeko Gipuzkoako ahaldun nagusigaia, David Nuño Irungo alkategaia, Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia, David Soto Antolakuntza idazkari eta legebiltzarkidea, koalizioaren lurraldeko beste zenbait hautagai eta kargu organiko eta instituzionalak.

Madrilgo Asanbladako diputatuak salatu du pertsona migratzaileek hiltzen jarraitzen dutela Irungo mugan. «Migratzaileen eskubideak lehenetsi behar dira, ezin dira berriz gertatu pertsona beltzekiko kontrol diskriminatzaileak», azpimarratu du.

«Migratzaileak eta pertsona arrazializatuak babestuko dituen eta guztiei eskubide berberak aitortuko dizkien arau-esparru bat» lortzeko beharra nabarmendu du Miren Echevestek. Azaldu duenez, gaur egun pertsona horiei gizartean errotuta egotea eskatzen zaie, bertan bizi-proiektu bat garatzeko eskubidea aitortu baino lehen. Ohartarazi du krisi-egoerak areagotu egin duela erakundeen aldetik gertatzen ari den «abandonu egoera migratzaile eta arrazializatu askorentzat, beraien eskubideak alde batera utzita geratzen baitira, haien prekarietatea eta sufrimendua areagotuz». Erakundeen babesik ez izateak zailtasunak sortzen ditu etxebizitza, osasungintza edo hezkuntza eskura dezaten, baita haien lan-, gizarte- eta politika-eskubideak errespetatuak izan daitezen, Echevesteren hitzetan.

Ildo horretan, salatu egin ditu egunero kaleetan egiten diren polizia-identifikazioak, «etnia- eta arraza-profilen araberakoak» direla. Horregatik, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzearen alde egin du, bai eta migratzaileei eta arrazializatuei bermeak emango dizkien arau-esparru bat ezartzearen alde ere, «kontuan izanik arau-esparru horren definizioak gizarte-eragileen, erakundeen, alderdi politikoen, erakundeen eta herritarren laguntza izan behar duela».

David Nuñok, bestalde, Gizarte Ongizateko zinegotzia den aldetik migratzaileen arretan arlo horretan egiten den lana aitortu du. «Gizarte Ongizateko ordezkari gisa, eskualdeak bizi izan duen unerik gogorrenetako bat bizi izan dut». Gaineratu du Espainiar eta Frantziar estatuen arteko muga legez kanpo kudeatzen dela salatu duela, «hamar pertsonaren heriotza eragin baitu».

Egun osorako antolatutako gardunaldia gaur arratsaldean amaituko da, 17.30ean, Palmera Montero zentroan, ‘Migrazioa eta Kultura Aniztasuna’ izeneko mahai-inguruarekin.Bertan parte hartuko dute Mbayék berak, SOS Arrazakeriako Peio Aierbek, Irungo Harrera Sareko Anaitze Agirrek eta Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Arantza Gutierrezek.