Ehundaka pertsona batu dira Bilbon larunbat arratsalde honetan Askapena, Herri Ekimena eta Bardenas Ya taldeek antolatutako NATO eta EBaren aurkako mobilizaziora «Euskal Herria antiinperialista» aldarrikatzeko. Azken asteetan beste hamarnaka eragileen atxikimendua izan du ere mobilizazioak.
Ukrainiako gerraren inguruan sortutako krisi ekonomiko, energetiko, politiko eta militar larria «inperialismoaren estrategiaren emaitza» direla nabarmendu dute, eta egungo testuinguruak «urgentziaz» eskatzen duela «Euskal Herri antiinperialista eta internazionalista baten aldarria». Izan norabide horretan lehen pausotzat dute gaurko mobilizazioa.
«Estatu Batuen hegemonia ekonomiko, politiko eta militarra aldatzen ari den unean gaude. Txina eta, neurri txikiagoan, Errusia beren eragin ekonomiko eta politikoa areagotzen ari dira munduan, eta horregatik ari dira potentzia atlantistak ofentsiba Ekialderantz garatzen, hain zuzen ere, beren kontrolari eusteko. Testuinguru honetan kokatu behar ditugu inperialismo atlantistaren nahiz bere erakunde kriminal NATOren eta, nola ez, Europar Batasunaren mugimenduak», azaldu dute manifestazioko antolatzaileek.
Horretaz gain, «burgesiaren armadatzat» jo dute NATO. «Kapitalaren politikei aurre egiten dien edozeinen aurka egiteko adar militarra da. Gaur egun, askotarikoak dira berekin dakartzan emaitzak: langile klasearen gainesplotazioa eta prekarizazioa, bereziki, emakume eta pertsona arrazializatuengan; lan eskubideetan aldaketak, klase borrokaren bitartez irabazitako kontzesio materialak kentzeko; lege aldaketak, borroka horien aurreko errepresioa areagotzeko», adierazi dute.
Besteak beste, «Zelenski faxista, zu zara terrorista», «Ez, ez, ez, NATOri ez», «NATOren gerra gure miseria» eta «NATO zu zara terrorista bakarra» bezalako aldarriak entzun dira manifestazioan zehar. Ikurriñak, ikur antifaxistak eta Donetskeko banderak ikusi dira, baita Errusiako bizpahiru bandera ere.
«Gero eta argiago dago, ez herri gisa, ez klase gisa, ez dugula etorkizunik NATO eta EBren barruan. Beharrezkoa da burgesiaren dominazio tresnak suntsitzea, baita Estatu espainiarra eta frantsesa ere», aldarrikatu dute.