NAIZ

6.253 pertsona migratzaile artatu zituzten iaz Irunen dagoen Hilanderas I zentroan

Gurutze Gorriaren txostenak dioenez, 2022an 6.253 pertsona migratzaile artatu zituzten iaz Irunen dagoen Hilanderas I zentroan, aurreko urtean baino %20 gutxiago. Horietatik milatik gora emakumeak ziren eta berrogeita hamar inguru adingabeekin zihoazen beren ardurapean.

Migratzaileei Premiazko Arreta Emateko Erakundearteko Koordinazio Mahaiaren bilera izan da Irunen.
Migratzaileei Premiazko Arreta Emateko Erakundearteko Koordinazio Mahaiaren bilera izan da Irunen. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gurutze Gorriak Irunen dagoen Hilanderas I gunean igarotze bidean dauden migratzaileei arreta emateko 2022ko jardueraren balantzea aurkeztu du asteazken honetan, Iragaitzazko Migratzaileei Premiazko Arreta Emateko Erakundearteko Koordinazio Mahaiaren bileran.

6.253 pertsona artatu zituzten iaz, aurreko urtean baino %20 gutxiago. Horietatik %78 gizonak ziren eta %17 emakumeak eta %5 adingabeak. Urteko lehen hiruhilekoan izan zen fluxurik handiena, 850 bat lagun iritsi baitziren; urtean zehar, berriz, ia erdia.

Irungo baliabidera joaten diren pertsonen batez besteko adina 24 urtekoa da gizon helduetan, eta 27 urtekoa emakume helduetan; adingabeetan, berriz, 4 urtekoa da mutiletan eta 5 urtekoa nesketan. Jatorriari dagokionez, Ginea Conakry (%37) eta Boli Kosta (%25) dira nazionalitate ohikoenak.

Nerea Melgosa, Lakuako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburua bileran izan da. Jakinarazi du 2022an ez dela beharrezkoa izan Hilanderas II baliabidea aktibatzea baina, azaldu duenez, «salbuespenez» erabili da Ukrainatik datozen errefuxiatuak artatzeko. Ondoren Mediterraneoko autonomia erkidegoetara joan dira.

«Trantsizioko migrazioa egiturazko errealitate bat da, eta egiturazko erantzunak behar ditu. Eta kontinente zaharrak korridore seguruen sorrerarekin bere espiritu humanitarioa berreskuratzen ez duen bitartean, Hilanderas I eta II bezalako baliabideak beharko ditugu», adierazi du, eta nabarmendu du hirugarren gizarte sektoreko erakundeen eta eragileen lana.

Halaber, sailburuak iragarri du Pirinioetako Lan Elkarteak, Urkullu lehendakaria buru duela, gutun bidez eskatuko duela parte hartzea espainiar eta frantziar Estatuen arteko Adiskidetze eta Lankidetza Itunean aurreikusitako Mugako Lankidetzarako Batzordean.