NAIZ

‘Bi arnas’, Katalunian gehien ikusitako emisioa prime-timen: ia 200.000 ikusle

Emaitza oso ona lortu du ‘Bi arnas’ torturari buruzko dokumentalak, Iratxe Sorzabalen kasuan oinarritua, TV3n asteartean eginiko emisioan. Ia 200.000 ikusle bildu ditu eta ordu horretan Katalunian gehien ikusitakoa izan da.

'Bi arnas'; Mari Nieves Diaz, Iratxe Sorzabalen ama irudian.
'Bi arnas'; Mari Nieves Diaz, Iratxe Sorzabalen ama irudian. (MUARA KULTUR ELKARTEA)

Iratxe Sorzabal eta bere ama Mari Nieves Diazen ikuspuntutik torturan sakontzen duen ‘Bi arnas’ dokumentala asteartean zabaldu dute Kataluniako telebista publikoan, eta oihartzun handia izan du. Zehazki, 193.000 pertsona bildu ditu pantaila aurrean, eta ordu horretan, prime-timen, Katalunian gehien ikusitakoa izan da. ‘Sense ficció’ izeneko saioan zabaldu dute.

 

Iratxe Sorzabalen eta haren amaren, Mari Nieves Diazen, istorioa eman duen lehen telebista katea izan da TV3. %10,1eko ikusle kuota lortu du eta, kateak emandako argibideen arabera, emisio osoan zehar audientzia oso egonkorra izan du.

«Dokumentala torturaren errealitatea salatzeko eta ezagutarazteko egin genuen eta Katalunian halako datuak lortzea guretzat oso urrats garrantzitsua da», nabarmendu dute dokumentalaren egileek prentsa ohar batean.

Gogora ekarri dutenez, ‘Bi arnas’ «torturari buruzko testigantza da, injustizia baten isla, eta sekula eskaini ez den elkarrizketa bat. Bi dira protagonistak: ama, Maria Nieves Diaz, eta alaba torturatua, Iratxe Sorzabal. Dokumentalak, gainera, Paco Etxeberria auzi-medikuaren eta Serge Portelli epailearen lekukotzak bildu ditu. Ahots horiekin guztiekin batera, Nekane Txapartegiren testigantzak osatzen du dokumentala, modu horretan torturak duen izaera sexista agerian utziz».

Emakumearen Nazioarteko Egunaren harira TV3k eta Catalunya Ràdiok prestatu duten programazio bereziaren baitan estreinatu da telebistan lan hau; aurretik Donostiako Zinemaldian eta Euskal Herriko 60 toki baino gehiagotan ikusi ahal izan da.

Sorzabalen kasua telebistaz jarraitu duten Kataluniako ikusle batzuk hunkituta ageri dira sare sozialetan: