Nerea Lauzirika
Bilbo

Doinuele sortu dute, euskarazko plazen sarea

Euskara hutsean egiten diren zortzi liburu edota disko azokak indarrak batu eta Doinuele sortu dute, euskarazko plazen sarea. Elkarri babesa eta laguntza ematea du xede sareak.

Julen Garate, Amaia Hennebutte, Joxepa Madariaga, Ladix Arrosagaray, Itziar Iruretagoiena, Xabier Ezponda, Elurre Iriarte eta Ane Legarreta Méndez egon dira aurkezpenean.
Julen Garate, Amaia Hennebutte, Joxepa Madariaga, Ladix Arrosagaray, Itziar Iruretagoiena, Xabier Ezponda, Elurre Iriarte eta Ane Legarreta Méndez egon dira aurkezpenean. (Oskar MATXIN | FOKU)

«Euskara hutsezko plazen sarea gara eta ongi etorriak zarete, bidea elkarrekin eginez euskarazko bidea zabalduz joan gaitezen», adierazi dute Doinuele sarearen aurkezpenean. Azkoitiko Geure Gelatik; Baztango (H)ilbeltza; Galdakaoko Sormene; Hernaniko, Lazkaoko eta Ziburuko Liburu eta Disko Azokak; Sarako Ikusi Mikusi eta Zarautzeko Literaturia batu dira sarean. «Elkar sostengatzeko, elkarren berri ukaiteko, ideiak eta esperientziak elkarri trukatzeko eta egutegia adosteko» asmoz jaio da egitasmoa.

Zortzi herri desberdinetako azokek osatzen dute sarea eta, azaldu dute, euskararen egoera desberdina dela bakoitzean, «batean euskara ofiziala baina derrigorrezkoa ez, bestean koofiziala edo soilik toleratua». Arazoa, ordea, bera dela baieztatu dute, «legezko babes ofiziala ukan edo ez, euskara hutsez bizitzeko nekezia edo ezintasuna eta euskaraz (ere) bizitzeko lanak». Hori dela eta, azokek irauten duten tartean behintzat, hartzen dituzten herritarrei parada eskaintzen diete «euskararen herrian murgiltzeko eta hartaz gozatzeko, ez baita gutxi».

Azken hamarkadetako eboluzioaren analisia ere egin dute aurkezpenean, ondorioztatuz euskararen ezagutzak gora egin badu ere, ez dela berdin gertatu erabilerari dagokionean. «Gutxiengoan gaude euskaldunak euskararen herrian, gutxiago egunero erabiltzen dugunak, eta oraindik gutxiago euskaraz irakurtzen dugunak», azaldu dute.

Hala ere, jakin badakite arazoa ez dela euskarria bera modan ez egotea, liburu edo diskoekin gertatzen den moduan. «Ez da txikia eta arriskurik gabea euskara hutsez aritzeko hautua egitea: sortzaileek, idazle nahiz musikariek, murritzagoa publikoa; editore eta diskoetxeek apalagoa bezero kopurua; plaza eta azokek bisitariena», azpimarratu dute.

Baina, hautuari eusten diote egoera xamurra ez bada ere, «euskara hutsak betetzen gaituelako», nahiz eta «nazkatuta» dauden aukeratutako bidea «azaldu, justifikatu eta defenditu beharraz». Euskararen normalizaziorik ezaren ondoriotzat dute eta, hain zuzen ere, euskaraz «normaltasunez, naturaltasunez eta lasaitasunez» bizitzeko nahia aldarrikatu dute.

Doinuele sareak azoka eta plazei ikusgarritasuna ematea ere badu helburu. Horretarako, komunikazioan, bakoitzaren logoaz gain sarearena ere agertuko dela azaldu dute, «Euskal Herri mailan koordinatuak garela adieraziz».

Egutegiaren berri ere eman dute: urtarrilean izan zen Baztango (H)ilbeltza, martxoaren 24an eta 25 egingo dute Azkoitian Geure Gelatik, apirilaren 27tik 30era bitartean Sormene egongo da Galdakaon, Zarautzen maiatzaren 5etik 7ra egingo dute Literaturia, ekainaren 3an Ziburuko Liburu eta Disko Azoka egingo dute, irailaren 30ean Hernanikoa eta urriaren 20an eta 21ean Saran Ikusi Mikusi antolatuko dute. Urtea bukatzeko, Lazkaoko Liburu eta Disko Azoka egingo dute abenduaren 15etik 17ra bitartean.