NAIZ

Felix Linaresek ‘La Noche de…’ saioa aurkezteari utziko dio apirilaren 11n

Felix Linaresek agur esango dio ‘La noche de...’ saioari, 28 urteko ibilbidearen ostean. Saioak 1.500 atal betetzen dituen eguna izango du azkena, apirilaren 11, eta casting baten bidez hautatuko du gidari berria.

Felix Linaresek hautatuko du bere ordezkoa.
Felix Linaresek hautatuko du bere ordezkoa. (EITB)

1995an estreinatu zen ETB2n ‘La noche de...’, zinema erpin ezberdinetatik aztertu eta filmeen eduki osagarriak eskaintzea xede duen saioa. Astearte honetako saioan eman du Felix Linares (Bilbo, 1947) aurkezleak albistea: apirilaren 11n, saioak 1.500 atal betetzen dituen egunean, utziko dio ‘La noche de...’ aurkezteari.

Zinema saioa 1995eko irailaren 19an hasi zen emititzen, eta hasiera batean saioaren ondoren eman ohi den pelikula aurkeztea zuen helburu. Baina urteak igaro ahala, izaera propioa garatu du eta atal berriak erantsi ditu. Ibilbide luzeak eta audientziaren babesak zinema munduko beste hainbat alor jorratzera bultzatu dute saioaren lantaldea.

28 urteko ibilbidea osatu du Félix Linaresek ‘La Noche de…’ saioan. «Zinema munduko daturik harrigarrienak, istoriorik dibertigarrienak, eta pasadizo eta bitxikeria paregabeak kontatu dizkigu asteartero, hutsik egin gabe», ekarri dute gogora EITBtik ohar bidez. Urteekin, ETB2ko erreferentziazko saioa bihurtu dela ere nabarmendu dute.

«Entretenitzeko eta dibertitzeko xedea galdu gabe, audientziarentzako ezezagunak diren zinemaren inguruko milaka datu eman ditu saioak, eta horrela, ikus-entzuleen ikusmina piztea lortu du», adierazi dute.

Ordezko aurkezlea hautatzearen ardura Felix Linaresek berak hartuko du. Aurreratu dutenez, hautagaiei elkarrizketak egingo dizkiete eta pasarte onenak programan erakutsiko dituzte datozen asteetan. «Azken erabakia Felixen esku egongo da», nabamrnedu dute. Apirilaren 11n jakingo da nor den Linares ordezkatuko duena.