NAIZ

Peñak eta Aridanek bakarka entrenatu dute eta Herrerak jarraipena izan lezake ligan ere

Osasunak gaur ekin die entrenamenduei igande honetan Villarealen aurkako partida prestatzeko. Peñak eta Aridanek beren kabuz entrenatu dute, nahiz eta erdiko atzelariak ez duen izango arazorik igandean jokatzeko. Sergio Herrerak aukera izan dezake ligan aritzeko, Athleticen aurkako demari begira.

Ariadne Osasunako jokalaria gaur Taxoaren bere kabuz entrenatzen.
Ariadne Osasunako jokalaria gaur Taxoaren bere kabuz entrenatzen. (@Osasuna_eus)

Osasunak gaur ekin die entrenamenduei, bi eguneko atsedenaren ostean, igande honetan Villarealen aurka Sadarren (16.15ean) jokatuko duten partida prestatzeko. Aridanek eta Ruben Peñak ez dute taldearekin osatu lan saioa, eta beren kabuz entrenatu dira.

Erdiko atzelari kanariarra baloiarekin aritu da, alde batetik bestera korri eginda eta argi utzita ez duela ezer larririk, eta ez duela izango arazorik igandeko partida jokatzeko. Aridane denboraldiko unerik gozoenean dago.

Bestalde, Peña alboko atzelariak taldearekin entrenatu gabe jarraitzen du, eta gaur erritmo baxuan ibili da korrika zelaian hamar bat minutuz. Peñak lesio muskular bat izan zuen eskuineko izterrean orain dela bi hilabete eta erdi, eta osatzeko prozesuan, pixkanaka-pixkanaka joan nahi du, atzerapausorik ez emateko.

Peña ez ezik, Aimar Oroz ere ez da egongo igandean, Valentziaren aurkako partidan bosgarren txartel horia ikusi zuelako, eta zigorra bete behar duelako Villarealen kontra.

Herrerak ligan jokatzen jarraituko du

Jagoba Arrasateren esanetara entrenatu duten gainerako jokalariek intentsitate handiz aritu dira, eta aipagarriena izan da Sergio Herrerak egin dituen geldiketa bikainak. Atezainak badaki Athleticen aurkako Kopako partida segituan izango dela, eta hamaikakoan egongo dela, beraz, partida horrek duen garrantziaren jakitun, gaur maila bikaina erakutsi du entrenamenduan.

Kopako itzuliko partida baino lehen, ligako bi jardunaldi jokatuko ditu Osasunak –Villarealen eta Mallorcaren aurka–, eta Herrerak aukera izan dezake jokatzeko, Athleticen aurkako neurketarako konfiantza hartze aldera. Hala erabaki zuen Jagoba Arrasatek aurreko partidan ere, Valentziaren aurka.

Igandeko partidari begira, gorritxoek Sadarren irabazi nahiko dute, etxean irabazi zuten azkeneko partida pasa den urtarrilaren 14an izan zelako, Mallorcaren aurka.