Peter Habeler, Everesteko aitzindaria, oraindik gailurrean 80 urterekin
Reinhold Messner-ekin batera, Peter Habeler lehenengo alpinista izan zen munduan Everestera oxigenorik gabe igotzen. 1978an egin zuten ekintza epiko hura. Orain, 80 urterekin, ez ditu mendiak begi bistatik kendu eta tontorrez tontor gozatzen jarraitzen du.
Kirolen bizilekua finkatua duen erretiratu dinamikoa da Peter Habeler (1942, Mayrhofen), eta munduko punturik garaienean, itsas mailatik 8.848 metrora dagoen Everest mendira oxigenorik gabe igotzeak sorrarazi zion «emozioen zurrunbiloa» dakar berriro memoriara, hura gertatu zenetik 45 urte igaro direnean.
Menditzarraren tontorrera igotakoan, «zoriontasuna» sentitu zuela aitortzen du, baina «beldurra» ere gorputzean zuela onartu. Balentria hura ozta-ozta lortu zutela dio, berariazko presaz egin baitzuen jaitsiera, bere familiaren bila.
Harrezkero hamaika izan dira bere urratsak jarraitu dituzten alpinistak, baina arnasaren laguntzarik gabeko eskaladak arriskutsua izaten segitzen du. Himalaiako erraldoia gutxienez 300 lagunen hilobi bilakatu da 1950. urteaz geroztik. 8.000 metrotik gora oxigenoa urria da eta eskalatzaileak ‘heriotza eremuan’ sartzen dira. «Ez genekien gure giharrek eta gure garunak nola erreakzionatuko zuten», aipatu du Habelerrek AFPrekin egindako elkarrizketa batean. «Jainkoari eskerrak, egin behar genuen horrek gaizki ateratzeko zituen aukerez ez ginen oso kontziente», gaineratu du.
Espedizioek gaur egun dituzten baldintzak ikusten dituenean, batez ere oinarrizko kanpalekuetan benetako auto-ilarak sortzen direnean, bere burua pribilegiatutzat jotzen du, munduaren teilatu mitikoa ia osorik beretzat izan zuelako.
Ate irekiak
Bere espedizio kide Reinhold Messner munduko hamalau zortzimilakoak igotzen lehen alpinista izan bazen ere, Habelerrek ez du bere burua «errekorren bildumatzaile» gisa ikusten. Bere kirol ibilbidean, nolanahi ere, zenbait igoaldi epiko egin ditu, batez ere belaunaldi berriei «ateak irekitzeko» asmoarekin.
Everestetik itzuli zenean, geldialdi bat egin zuen familiarekin denbora gehiago igaro ahal izateko, eta Mayrhofen-en, bere jaioterrian, eski eskola bat sortu zuen, gaur egun bere bi semeetako batek gidatzen duena. «Eskalatzeak sortzen duen plazera aurkitu behar duzu. Mendia ulertzen saiatzen zarenean, zure lagun bihurtzen da», dio, irribarre zabalez eta begi argiz. Denboraldi bat etxean igaro ondoren, berriro ere «hanketan inurriak» sentitu zituela aitortu du.
Hurrengo igoerak ez zituen, ordea, Messnerrekin batera egin, baina eskerrak ematen dizkio Everestekiko zituen beldur eta zalantzak gainditzen laguntzeagatik. Azken horrek, Habelerren izaera «jeniala» goraipatu eta bere «sen naturala» azpimarratzen du. «Edozein mendi eskala dezake, edozein lur, edozein altuera, edozein egoeratan», idatzi zuen bere espedizio kideak.
Minimalista
Alpeetara begira dagoen egurrezko balkoi batetik, Habelerren pasioa agorrezina dela nabarmena da. Mendizaletasuna, amaierara arte lantzea espero duen «gaztetasun iturria» dela dio. «Garunari berari ere presioa eragiten dion jarduera fisikoa da», aipatu du. Eskaintzen dituen hitzaldietan, Habelerrek turismo jasangarriaren alde egiten du, batez ere tren bidezko bidaien alde. Arrunt kezkatuta ageri da aldaketa klimatikoarekin, «mendizaleentzat arazo handia» delakoan. Lurraren ezegonkortasuna dela eta, pasabide ugari igaroezinak izango direla aurreikusten du.
Habelerrek egunero janzten ditu eskiak. Eta eguraldiak hobera egiten duenean, mosketoiak hartuta joaten da mendira. Baina erronka anbiziotsuagoak ere jarri izan dizkio bere buruari. 74 urterekin, esaterako, Eiger mendiko iparreko aldeari aurre egin zion atletarik zaharrena bilakatu zen. Berarekin batera zihoan David Lama ikasle ohia, handik gutxira hilko zena 28 urterekin, Kanadako Banff Parke Nazionalean elur-jausi baten eraginez.
Istripu hark are zuhurrago izatera eraman du Habeler, eta Alpeetan bertan ekipamendu onenarekin eta kanpoko laguntzarekin egiten ditu irteerak. «Minimalista naiz. Motxilan ez dut gauza gehiegi eduki nahi», adierazi du. «Neuregandik onena ateratzen duen jendearekin joaten naiz gustura».
Bere palmaresean beste hainbat lorpen ditu alpinista tiroldarrak. Besteak beste, Yosemiteko Parke Nazionaleko paretatzarra eskalatu zuen lehen europarra izan zen eta, Everesteko igoeraz gain, zortzimilako batzuk igotakoa ere bada: Cho Oyu, Nanga Parbat, Kangchenjunga eta Gasherbrum.