2021eko Igartza Sariaren fruitua aurkeztu dute ostegun goiz honetan Donostian, Olatz Mitxelenaren ‘Arrain hezur bat eztarrian’ ipuin bilduma. Lehiaketara proiektua aurkeztu zuenean ‘Arrakalak’ zuen izena, harremanetan sortzen diren arrakalen inguruan idazteko intentzioa zuelako. Eta hala egin du, baina konturatu da bere ipuinek badutela beste zerbait amankomunean: ixiltasuna, komunikazio falta, esanezina... Idazleak berak azaldu du «arrain hezur bat eztarrian gelditzen zaigun hitza» dela, esatera ausartzen ez garena.
Liburuan 10 ipuin jaso ditu, idatzitakoen artean onenak. Batzuetan idazten trabatuta gelditu dela aitortu duen arren, ez du bat bera ere baztertu; birziklatuz edo moldatuz osatu ditu testuak. Esaldi bat idatzi eta horri tiraka sortu ditu istorioak, zer gertatuko zen pentsatu gabe, erabakiak hartzen.
Azkenean ipuin oso desberdinak atera zaizkio. Mundu propioak, mina, logikaren galera, zahartzaroa, errealitatearen pertzepzioa edo hizkuntza bezalako gaiak jorratu ditu, kasu batzuetan fantastikoak atera zaizkio eta errealistak bestetan. «Literaturarekin jolastea interesatzen zait», azaldu du.
Forma aldetik, ahots desberdinak erabiltzen saiatu da ikuspuntu desberdinak emateko. Ipuin batzuk laburrak dira, erritmo bizikoak, eta beste batzuk pausatuagoak. «Saiatu naiz hitzekin gauzak esateaz gain hizkuntza guztiarekin esaten, hau da, erritmoa eta tonua bilatzen». Era berean, gorputz osoarekin idatzi du, eta sentimenduez gain, mina, usaina edo zaporea deskribatzen dira.
Nahita bilatu du giro iluna, deserosoa eta zikina, baina batzuetan nahi gabe atera zaio eta galdetu dio bere buruari ea ez ote dabilen beti zauri beraren inguruan idazten. Baina umorea ere badago. Finean, islatu nahi izan duena da errealitatea gogorra ere badela, «ez nik besteek baino min gehiago dudalako, artean hori transmititzen duten lanak interesatzen zaizkidalako baizik», argitu du.
Idazten hasteko bultzada
Igartza Sariak idazten jartzeko aukera eman diola esan du, orain arte ez zuelako sinesten gai izan zitekeenik. «Emakumeak animatu nahi ditut euren buruari idazteko, musika sortzeko edo artea sortzeko baimena eman diezaioten», azpimarratu du bere esperientzia ikusita. Orain, lehen liburua argitaratua duela, esan du gustatuko litzaiokela beste bat idaztea, ipuinekin jarraituz beti ere.
Igartza Saria CAF enpresak, Beasaingo Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatzen dute urtero elkarlanean, eta egile gazteak sustatzeko helburua du. Izan ere, 35 urtetik beherakoei zuzenduta dago, asko jota bi liburu argitaratu dituztenak eta euskaraz idazten dutenak.