NAIZ

Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia sarean jarri dute, zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko

Elhuyarrek ingelesa zubi-hizkuntzarik gabe ikasteko baliabide berri bat jarri du jendartearen eskura, dohainik. Collins Elhuyar English Basque Dictionary euskara-ingelesa hiztegia interneten dago kontsultagai. Gailu mugikorretan eta ordenagailuan instalatzeko aukera ematen du, gainera.

Webgunean bakarrik ez, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsultatu daiteke (Android eta iOS), eta norberaren ordenagailuko mahaigainean instalatu ere bai.
Webgunean bakarrik ez, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsultatu daiteke (Android eta iOS), eta norberaren ordenagailuko mahaigainean instalatu ere bai. (ELHUYAR)

Elhuyarrek tresna berri bat jarri du jendearen eskura. Collins Elhuyar euskara-ingelesa hiztegia online kontsultatzen ahal da jada hiztegiak.elhuyar.eus atarian. Baliabide honi esker, ingelesa ikasten ari diren euskaldunek ez dute ingelesa-gaztelania edo ingelesa-frantsesa hiztegien beharrik izanen. Hiztegiak 65.100 sarrera ditu guztira, bi ataletan banatuta: euskara-ingelesa atalean, 31.700; ingelesa-euskara atalean, 33.400.

Elhuyarrek oroitu duenez, hiztegi honen lehen bertsioa paperean kaleratu zen, 2016an. Orduan, ingelesa-euskara atala osatzeko, Collins Concise Spanish Dictionary hiztegia hartu zen oinarri, eta Euskaltzaindiaren Hiztegia ezinbesteko erreferentzia izan zen, Ehuyarren euskara-gaztelania hiztegiarekin batera.

Erran duenez, Collins argitaletxea bera ere harro agertu da horrelako proiektu batean Elhuyarrekin elkarlanean aritu izanaz, behar-beharrezkoa baita ingelesa-euskara hiztegia egiteko.

Papereko lehen argitalpen hartatik, hainbat eguneratze izan ditu hiztegiak, eta bertsiorik berriena dago kontsultagai Elhuyarren hiztegi orokorren webgunean, euskara-gaztelania eta euskara-frantsesa hiztegiekin batera.

Dinamikoa eta bizia

Hiztegi hau, Elhuyarren beste hiztegiak bezala, dinamikoa eta bizia da, eta etengabe eguneratuko da aurrerantzean ere. Baliagarria izanen da eguneroko lanerako hainbat erabiltzailerentzat. Besteak beste, ezinbesteko tresna izanen da itzultzaile, ikasle, irakasle eta, oro har, hizkuntzarekiko interesa duen edonorentzat.

Webgunean bakarrik ez, gailu mugikorretarako aplikazioan ere kontsultatu daiteke (Android eta iOS), eta norberaren ordenagailuko mahaigainean instalatu ere bai, edozein programatatik zuzenean kontsultatu ahal izateko.