NAIZ

‘Mansplaining’ eta bestelako jarrera matxistak agerian uztearen garrantzia

Begonya Enguix UOC-eko katedradunak ikerlan bat egin du askotan oharkabean pasatzen diren jarrera matxisten inguruan. Izan ere, horiek identifikatzea eta gu geu biktimak edo ekintzaren egileak izan garen konturatzea ezinbestekoa da gizartean aldaketa emateko.

‘Manspreading’-aren adibidea metro batean.
‘Manspreading’-aren adibidea metro batean. (GETTY IMAGES)

Emakumez betetako gela batean galdetuko bagenu nork ez duen inoiz ‘mansplaining’ kasurik bizi izan, oso gutxik altxatuko lukete eskua. Edo batek ere ez.

Egia esan, ‘mansplaining’-a, ‘manspreading’-a edo ‘manterrupting’-a (geroago azalduko dugu horien esanahia) urte askotan oharkabean igaro diren edo normaltzat hartu diren gizarte-praktikak dira. Horiei izena jartzea eta gizartearen egiturazko desberdintasunean duten eragina adieraztea funtsezkoa da horiek desagerrarazteko.

Hori da ‘Men know, women listen: Mansplaining, manspreading and other malestream stories’ lanaren premisetako bat, Begonya Enguix-ek idatzia, Medusa taldeko ikertzaile liderra eta ‘Generoak Trantsizioan: Maskulinitateak, Afektuak eta Gorputzak’ Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) Arte eta Humanitate Ikasketetako katedraduna.

Lan honek John Mercer eta Mark McGlashanek editatutako ‘Toxic masculinity: Men, meaning and digital media’ liburuko kapituluetako bati forma ematen dio. Argitalpenak hainbat diziplinatako ikertzaileen ekarpenak biltzen ditu, maskulinitate toxikoa online munduan eta diskurtso publikoan eraikitzeko moduak aztertzen laguntzen dutenak.

Hiztegi txikia

Mansplaining: Gizon batek emakume bati zerbait azaltzen dionean, emakumeak berak gai hori ondo ezagutzen duen arren. Azalpenak modu paternalistan egiten dira, emakumeak azaltzen ari den hori ez dakiela aintzat hartuz.

Manspreading: Garraio publikoan edo bestelako lekuetan gizonezkoak hankak zabalik esertzen direnean, dagokien espazioa baino gehiago okupatuz.

Manterrupting: Gizon batek emakume baten hitzartzea etengabe mozten duenean, elkarrizketaren kontrola bereganatzeko nahiarekin. Emakumearen iritziekiko mespretxua adierazten da horrela.

Bropriating: Lan eremu batean, gizon batek emakume baten ideia hartzen duenean, eta berea izango balitz bezala defendatzen duenean, emakumeari meritua kenduz.

Gaslighting: Pertsona baten zentzutasuna zalantzan jartzen duen eta haren pertzepzioak eta oroitzapenak gutxiesten dituen manipulazio teknika bat da, biktimak bere iritzia zalantzan jar dezan.

Idazlanaren oinarriak

Hedabideetan argitaratutako materialaren analisi bisual eta narratiboan oinarritzen da Enguixen lana. Horiei esker, urteetan zehar gizarteak ikusi ez zituen eta, beraz, salatu ez zituen portaera batzuk identifikatzea lortu dute.

«Batzuk pentsatuko dute jarrera hauek ez dutela garrantzirik, betidanik eman direla. Baina bai, garrantzitsuak dira. ‘Mansplaning’-aren kasuan, adibidez, emakumearen autoritatea eta legitimitatea ukatzen da gai bati buruz hitz egiten duenean, eta aintzat hartzen da gizonak direla dena dakitena eta emakumeen rola entzutea besterik ez dela», azaldu du egileak.

Gizonek hartzen dituzten jarrera hauek klase, jatorri eta hezkuntza maila guztietako emakumeei eragiten diete. Idazlanean aztertzen duen kasuetako batek Kamala Harris AEBetako demokraten hautagaia du protagonista. 2020ko urriaren 7an, Harris eta Mike Pence hautagai errepublikanoa eztabaidatzen ari ziren; gizonak behin baino gehiagotan moztu zuen emakumea hizketan ari zela, eta honek, argi eta garbi esan zion «hitz egiten ari naiz!». Sare sozialetan bolo-bolo ibili zen une hori ‘manterrupting’-aren adibide bezala.

Jarrera hauen ondorioz, emakumeen gorputza eztabaida feministaren erdigunean kokatzen da, eragina dutelako zapalkuntzan, menderatzean eta isilaraztean. Aitzitik, gizonek hitz egiteko eskubidea dute esaten ari direna zalantzan jarriko den beldurrik gabe, eta espazio publikoa okupatzera gonbidatzen zaie.

Historikoki gizonak arrazoiarekin harremandu dira, eta emakumeak emozioekin. Gure kulturan garrantzia handiagoa du arrazoiak emozioek baino. Hori dela eta, gizartean hierarkia bat dago, eta emakumeak bigarren maila batean daude.

«Arrazionala, produktiboa eta publikoa –gizonei lotuak– dira hegemonikoak eta baloratuenak. Zaintza, emozioak, ugaltzea eta pribatua –emakumeei lotuak–, kulturalki balio txikiagoa dute», dio Enguixek, zeinek bere lanean jarrera hauek matxismoaren icebergaren puntan kokatzen dituen.

Hedabideak eta sare sozialak

Adituaren arabera, hedabideak ezinbestekoak izan dira jarrera hauek salatzeko eta eztabaida publikoak sortzeko. Hala, jendeak gogoeta egin ahal izan du eta esperientzia propioen inguruan hausnartu, erabakitzeko ea biktimak edo halako jarrerren egile izan diren. «Genero harremanen dinamiketan antzematen diren desberdintasunekin amaitzeko lehen pausoa jarrera horiek identifikatzea da, eta duten boterea aitortzea. Izan ere, hain arruntak dira ezen ia emakume guztiok jasan ditugun», aipatu du katedradunak.

Sare sozialetan zabaldu diren meme eta kanpainak oso garrantzitsuak izan dira ikusgarri egiteko eta kontzientzia sortzeko. Argitalpen akademikoak, berriz, oso eskasak dira.

Bestalde, politikarien posizioa ere garrantzitsua dela uste du ikerlariak. Izan ere, hitzaldi politikoek eragin handia dute jendearengan, baina askotan jarrera matxista baten aurkako kanpaina egiten denean, gizartean hobekuntza nabari den arren, kanpaina amaitzen denean eragin hori galdu egiten da.

Hori dela eta, norberak gogoeta egitera gonbidatzen du Enguixek, gure eskuetan dagoena egiteko.