![2019tik 2022ra iraun du EHUko III. Inklusio Planak.](/media/asset_publics/resources/000/985/044/article_main_landscape/inklusio-plana.jpg)
Ostegun goiz honetan, Eva Ferreira EHUko errektoreak, Fernando Tapia Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak eta Aitor Zurimendi idazkari nagusiak III. Inklusio Planaren (2019-2022) balantzea aurkeztu dute. Nabarmendu dutenez, planak, programa guztietan, «oso emaitza onak» izan ditu.
Aurreko inklusio planak desgaitasunen bat zeukaten ikasleei eta hezkuntza premia bereziak zituzten ikasleei zuzenduta zeuden. Baina, agerraldian azaldu dutenez, hirugarren plan honek inklusioaren kontzeptua beste talde batzuetara zabaldu zuen, «bazterkeria edo marjinazioa jasateko edo zaurgarri izateko arrisku handiagoa zutelakoan, eta, horrela, planean sartu ziren baliabide ekonomikorik ez duten ikasleak, familia babesik ez dutenak, asiloa eta babesa eskatu dutenak edo egoera pertsonalaren ondorioz laguntza psikologikoa behar dutenak».
Hirugarren plan honetako helburuak eta ekintzak lau etapatan banatuta zeuden, bata bestearen ondotik betetzeko: lehenengo etapak unibertsitate aurreko fasea hartzen zuen, eta unibertsitatera sartuz gero laguntza beharko zuten pertsonen jarraipena egin zen; Bigarren etapak sarbide fasea hartzen zuen, eta, hirugarrenak, unibertsitatean bertan ikasten ari diren garaia; laugarren eta azken etapan, laguntza eman zitzaien irteera profesionalari begira erabakiak hartzeko.
Programa ezberdinak
Ezgaitasunak dituzten Pertsonentzako Zerbitzuak 3.619 lagun hartu ditu hirugarren plan hau indarrean egon den bitartean, hau da, aurreko biekin alderatuta, %34ko igoera izan du. Bestalde, denbora tarte horretan bertan, 185 ikaslek parte hartu zuten inklusioarekin lotutako boluntariotza programetan.
Arreta Psikologikorako Zerbitzuak, bestetik, 1.316 ikasle hartu zituen banakako kontsultan. 2019-2020 ikasturtean, pandemia betean, banakako kontsultan hartutako 323 lagunetatik %20k online egin zuten kontsulta. Era berean, pandemian 763 ikaslek parte hartu zuten online bidezko prebentzio programetan. Pandemiaren ondorengo bi ikasturteetan (2020-2021 eta 2021-2022) 408 eta 581 izan ziren, hurrenez hurren. Guztira, 1.752 ikaslek hartu zuten parte online bidezko prebentzio programetan, plana indarrean egon den bitartean.
Bestalde, 65 lagun hartu dituzte Errefuxiatuei Laguntzeko Programan, besteak beste, Afganistandik, Kolonbiatik, Nikaraguatik, Mauritaniatik, El Salvadorretik eta Siriatik etorriak.
Horretaz gain, EHUk Entzute eta Erantzute Sarea sortu du, ikasleen, irakasleen, Administrazio eta Zerbitzuetako langileen eta ikastegien arteko lankidetzarako egitura informala, ikasleek bizi ditzaketen zaurgarritasun egoerak antzeman eta horiei erantzuna emateko.
Etorkizunari begira dauden beharrak identifikatzea
«III. Inklusio Planaren adierazleen ebaluazioa oso positiboa da, oro har, planak ezarritako helburuak bete egin direla erakusten baitu. Horri esker, zalantzarik gabe esan dezakegu euskal unibertsitate publikoa erreferentziazko eredua dela inklusioaren eta aukera berdintasunaren eremuan. Une honetan, egungo egoeraren diagnostiko bat egiten ari gara, eta horren helburua da etorkizunari begira dauden beharrak identifikatzea eta UPV/EHUren IV. Inklusio Plana izango denaren ildo estrategikoak bideratuko dituzten indarguneak sendotzea», nabarmendu du Fernando Tapiak, Ikasleen eta Enplegagarritasunaren arloko errektoreordeak.
![Palestinarrak-paris](/media/asset_publics/resources/001/142/420/article_thumb_horizontal/palestinarrak-paris.jpg)
Electos de Maule ceden parte de su asignación para apoyar a los atletas olímpicos palestinos
![Lizarra](/media/asset_publics/resources/001/142/865/article_thumb_horizontal/lizarra.jpg)
La fiesta en Lizarra arranca con represión a un cantante, cohete dividido y Bajadica suspendida
![Policia](/media/asset_publics/resources/001/142/734/article_thumb_horizontal/policia.jpg)
Dos detenidos en Iruñea acusados de agredir a un seguidor de la selección española
![Memoriala](/media/asset_publics/resources/001/142/877/article_thumb_horizontal/memoriala.jpg)
Gasteizko Oroimen Zentroari Urrezko Domina «iraingarria eta umiliagarria» dela salatu dute
![Gasteiz](/media/asset_publics/resources/001/143/230/article_thumb_horizontal/Gasteiz.jpg)