NAIZ

Bidari aurkeztu dute, Goierriko negozio txikiak indartzeko lantaldea

Goiekik, Goierriko garapen agentziak, Bidari lantaldea aurkeztu du eskualdeko udaletxe eta merkataritza elkarteekin batera. Goierriko negozio txikien beharrei erantzun bat emateko eskualde mailan sortu den elkarlanerako mahaia da.

Ordizian aurkeztu dute Bidari taldea.
Ordizian aurkeztu dute Bidari taldea. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Goierriko negozio txikiak indartu eta hauen beharrei eskualdeko ikuspuntu batetik irtenbidea emateko sortu dute Bidari taldea. Goiekik eta eskualdeko udalek eta merkataritza elkarteek elkarlanean egindakoa da Berrabiarazi proiektuaren baitan egindako ekarpen ekonomikoaren laguntzaz.

Lazkaoko, Idiazabalgo, Beasaingo eta Ordiziako Udalek, Goiekik, Ordizian elkarteak, Bareak elkarteak, LazkaOn elkarteak, Idiazabalgo Merkataritza elkarteak eta eskualdeko merkataritza teknikariak osatzen dute lantaldea, baina, Goierriko beste herritakoek ere parte har dezakete. Lantaldea irekia da.

Halaber, hainbat helburu zehaztu dituzte. Hala nola, Goierriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak sustatzea; bertako kontsumoa bultzatzea; negozio ezberdinen arteko ezagutza eta elkarlana sustatzea; herriak eta negozioak «bizirik mantentzea»; berrikuntza eta lehiakortasuna sustatzea, eta eskualdeko estrategia bateratu bat definitzea.

Egindako ekintzen balorazio eta iritziak jasotzeko kontraste taldea sortu dute. Bi saio egingo dira urtero, egindakoa aztertuz eta egundik aurrera landu nahi diren gaiak jasoz. Parte hartzaileak sektore ezberdineko negozioetako ordezkariak izango dira.

Gainera, ‘Egun on!’ komunikazio eta sentiberatze kanpaina abiatuko dute. Euskarri nagusia bideo bat izango da, ikus-entzunezko medio eta sare sozialetan zabalduko dena. Honetan, eskualdeko sektore desberdinetako ordezkariak izango dira protagonista. Grabaketan parte hartzea irekia da.