Jon Ormazabal

Jon Alberdi azpeitiarra Buruz Buruko txapelketan arituko da Asier Agirreri 22-18 gailenduta

Aurrelari gipuzkoarrak 7 tanto egin dizkio saketik iruindarrari eta lehen aldiz ariko da lehen mailako txapelketan.

Jon Alberdi, garaipen bat ospatzen.
Jon Alberdi, garaipen bat ospatzen. (Iñigo URIZ/FOKU)

Bere enpresak jarritako atarikoa gaindituta, Jon Alberdi azpeitiarra, iazko Promozio mailako txapelduna, apirilaren 5ean egingo den Lehen Mailako Buruz Burukoan egongo da, Asier Agirreri Villar de Arnedon 22-18 gailenduta. Partida oso orekatu eta lehiatu batean, sakea erabakigarria izan da eta jokaldi horretan gipuzkoarra askoz eraginkorragoa izan da, lehen pilotakadarekin denera 7 tanto lortuz, Asier Agirrek, bere aldetik 4 egin ditu.

Garestia egon da Baikoren Buruz Burukorako azken txartela eta denera 322 pilotakada gurutzatu behar izan ditu azpeitiarrak, 68 minututan, garaipena lortzeko. Hasieratik hartu du Alberdi I.ak markagailuaren aginte makila, 4-0 aurreratu da, baina Asier Agirrek partidari eutsi dio eta launa berdindu ostean, 9-8 ere aurreratu da. Hala ere, gipuzkoarra ia partida osoan zehar joan da aurretik, baina azken txanpara nahiko berdintuta heldu dira, 18-19, baina azkenerako gipuzkoarrak eraman du txartela.

Anaiak badu itzulerako data

Anaia zaharrenaren garaipena ez da alberditarrek gaur jaso duten berri on bakarra, ia bederatzi hilebeteren ostean, Unai anaiak ere baduelako dagoeneko itzulerako data. Belaunetik erabat osatuta, apirilaren 7an itzuliko da azpeitiarra, Lekeition. Jaialdi horretan bertan agur esango duena Endika Uriondo izango da, beste lan bat aurkituta, pilota profesionala uztea erabaki baitu.

Bere lekua Gorka Ugartemendia alkizarrak hartuko du. Atzelari gazteak apirilaren 10ean egingo du debuta, Tolosako Beotibarren, Unai Lasok lagunduta, Peña II.a-Iztuetaren aurka jokatuko du.

FITXA TEKNIKOA

Asier Agirre: 18

Jon Alberdi: 22

Pilotakadak: 322. Iraupena: 68 minutu. Markagailua:0-4, 4-4, 4-8, 9-8, 9-15, 15-15, 15-19, 18-19, 18-22. Sakeak: 4 Agirrek eta 7 Jon Alberdik. Egindakoak: 9 Agirrek eta 5 Jon Alberdik. Galdutakoak: 6 Agirrek eta 5 Jon Alberdik. Gorabeherak: Villar de Arnedon jokatutako jaialdia.