Laudion eman zaio amaiera larunbat honetan urtarrilaren 27an abiatu zen Arabako Bertso Kuadrilla Arteko Txapelketari. Orotara hamabi saio eta hiru finalaurreko jokatu dituzte txapelketan parte hartu duten taldeek, horietako hamabik bat-bateko modalitatean eta hamabostek, aldiz, idatzizkoan. Orotara, 280 arabar inguruk hartu dute Kuadrillartekoan.
Laudion jokatutako azken saioan erabaki da 2023. urte honetako edizioko garailea Katu Muinoa taldea izango dela. Gasteizen osatutako taldea Ekaitz Samaniego, Eli Zaldua, Xabier Antia eta Iñaki Viñasprek osatzen dute.
BHI Institutuan jokatu da txapelketa. Goizean goizetik oholtza atondu eta bazkaritarako mahaiak prestu jartzen aritu dira laguntzaileak, eta eguerdiaren bueltan hasi dira hurbiltzen, umoretsu, bertsolari eta zaleak. Izan ere, Kuadrillartekoaren berezitasunetako bat da jai giroan ospatu ohi dela, bertsoa festa ere badela erakustaraziz. Hala, Gorbeialdeko eta Gasteizko trikitilariek girotutako poteoarekin abiatu da eguna, Laudio erdialdea bertsoz jantziz.
Bazkalostea trikiti doinuek eta Intsixv taldearen alboka eta danbor soinuek girotu dute eta, ostean, final handia abiatu da, Arantxa Sobrinok aurkeztuta. Gai-jartzaile gisa Nieves del Alamo aritu da eta oholtza gainean hamabi bertsolari, hiru taldetan banatuta: Katu Muinoak, Errexala gasteiztarra (Ainara Balantzategi, Marta De Pedis, Inaxio Trojaola, Patxi Alkorta, Kerman Lopez de Lacalle eta Felipe Zelaieta) eta Izena Pentsau Bida aramaioarra (Manex Agirre, Martin Abarrategi, Sabin Abarrategi eta Danel Herrarte).
Jatetxe garestiak eta Marteko etxebizitzak
Agurrean, euskal punk eta kanta modernoen arteko popurriarekin hasi dira aramaioarrak eta ‘Brayanen bizitza‘ filmako doinuarekin Errexalako kideak.
Zortziko txikian eman diote hasiera saio puntuagarriari, ale ederrak utziz: jatetxe garestietan xoxak xahutzen ibili dira Eli Zaldua eta Ainara Balantzategi, eta pisukideen papera hartu dute Manex Agirre eta Patxi Alkortak.
Hogeita hamar urte atzera eginda, aldiz, orduko musikarien larruan sartu dira Ekaitz Samaniego eta Danel Herrarte eta, Iparragirreren doinuan, Marten babes ofizialeko etxe bat egokitu zaionaren paperetik aritu dira bertsolariak. Ganbarako lanaren aurretik, puntuka aritu dira talde guztiak.
Ganarako lanerako, azkenik, Diegoren kitarra izan dute lagun bertsolariek, eta botilen paperean sartu dira.
Amaitzeko, sariketari ekin zaio: parte hartzaile guztiek otartxo bana jaso dute, finalistek Kuadrillarteko argazkia ere eskuratu dute eta irabazleek landare bana ere bai, antolakuntzatik azaldu duten bezala, Arabako bertsogintzaren sustraiak errotzen ari direlako loratuko baitira kimu berriak.