«Hamalau minutu onak egin ditugu, baina gero Izar Gorriak kantxatik atera gaitu. Gure erruei esker sartu dira partidan eta ez gara kapaz izan berriz ere gure erritmoa bilatzeko. Partida amaitu berritan gehiago esateak ez du merezi, baina gure burua ezin dugu Euroligara begira mantendu datorren asteko partidekin. Euskal derbi garrantzitsu bat dugu igandean eta horri heldu behar diogu». Ez zegoen, ez, berriketarako Joan Peñarroya ostegunean Belgraden galdu eta gero. Baina Saski Baskoniako zale askok ez bezala, Terrassako entrenatzaileak ezin die oraindik datorren astean Alba Berlinen eta Fenerbahçeren aurka Zurbaon jokatu beharreko norgehiagokei begiratu, Bilbao Basketen aurkako euskal derbiari baino.
Ez litzateke deskalabru makala astebeteren buruan Real Madrili WIZink Centerren irabazi eta gero, Euroligan eta ACB Ligan kale egitea! Beste urteren baten, akaso, gasteiztarrek halakorik egingo zuketen –iaz, adibidez–, baina aurten ACB Ligan oso tinko ari da jokatzen talde gasteiztarra. Lenovo Tenerife, Bartzelona, Manresa eta Obradoiro izan dira orain arte Baskoniari irabazi dieten bakarrak eta Txus Vidorretarenak dira, oraingoz bederen, Buesa Arenatik porrota ez den beste ezer atera dutenak. Beraz, igandean 17.00etan Saski Baskonia eta Bilbao Basketen arteko derbian faboritorik baldin bada, hori etxeko taldea da.
Gasteiztarrek etxea gotorleku bilakatu dute, esan bezala, eta inolako muga edo gabeziarik inon erakutsi baldin badute, hori gaitasun fisikoan izan da. Egia da igandean Tadas Sedekerskis ez dela izango derbia jokatzeko, eta egia da, halaber, Max Heidegger sartzen denean Darius Thompsonen ordez, Saski Baskoniaren jokoak maila fisikoan puntu bat behera egiten duela. Alabaina, ez dirudi Bilbao Basketen gaitasun fisikoak buruko minik eman beharko liokeenik Baskonari.
Ikusi besterik ez dago FIBAren Txapeldunen Ligan bilbotarrak zernola geratu diren lehiaketatik kanpo: bidaiek eta lesioek bat egin dutenean, batez ere Ludde Hakanson eta Jeff Witheyren lesioek, partidak oso luze egin zaizkie azkenerako Jaume Ponsarnauren gizonei. UCAM Murtzia edo Darussafaka ez dira bizkaitarrak baino hobeak, baina hauspoz freskoago iritsi izan dira neurketen azken aldera bilbotarrak baino. Hala, Saski Baskoniaren gabeziarik handiena fisikoan izanda ere, lo lasai egin beharko lukete Joan Peñarroyarenek euskal derbiari begira.
Eltzea sutan
Baina hain justu, garaipena errazegi ikuste hori izan liteke gasteiztarren punturik ahulena. Gogoan izan behar da aurten ACB Ligan Manresan eta Santiagon hartutako belarrondokoak, edo Euroligan Alba Berlin edo Asvel Villeurbanneren aurka hartutakoak. Edo baita Belgradeko Izar Gorriaren kontra ere. Dusko Ivanovicen gizonak azken sei neurketetatik bost galduta iritsi ziren osteguneko norgehiagokara eta partida bigarren laurdenean zela, markagailua 23-35 jarri zuten gasteiztarrek beren alde.
Esan lezake hainbatek Dusko Ivanovicen hutsartea eta gero serbiarrek gogorrago jokatu zutela eta epaileek gogorrago jokatzen laga zietela. Jakina! Noiztik da hori nobedadea Euroligan edo ACB Ligan bertan? Baskoniak berak sekulako bueltak lortu ditu aurten bertan etxean, Partizanen aurka, Anadolu Efesen aurka, Olympiacosen aurka ere bai nahiz eta azkenean galdu... Partida horietan guztietan entrenatzaileak ez zuen gogorrago jokatzeko esan beharrik izan, Saski Baskoniako jokalariek, bere zaleen bultzadaz, ederki asko jakin zuten partidari nola buelta eman! Egia da norgehiagoka horietan azaleratu zela Markus Howarden bertsiorik ikusgarriena, hirukoa hor eta hirukoa han; barneraldia hemendik eta asistentzia hortik, Buesa Arena zutik ipini eta iaz baino %20 ikusle gehiago harmailetara erakartzeko! Halako erakustaldiei esker piztu da «Kaunas Planaren» teoria Gasteizen, Euroligako Lauko Finalean sartzeko aukera aspaldiko partez utopia baino gauza askoz errealago gisa ikusi izan baita urtean zehar, abenduan batik bat.
Saski Baskoniak aurten, batez ere haizea alde duenean, saskibaloian hain polito eta erraz jokatzen baitu! Darius Thompson Europa erdik beretzat nahi du eta Saski Baskonia hasi da mugitzen antolatzaile estatubatuarra –pasaporte italiarra ere badauka eta argi horrekin– lotu eta datorren urtean ere, espero den bezala, Gasteizen izan dadin.
Baina gauzak okertzen direnean...
«Sutan jartzean probatutzen da / nolakua dan eltzia», kantatu zuen Txirritak eta eltzea sutan inoiz baldin badauka Saski Baskoniak, oraintxe dauka ba! Kopa irabazteko aukera kareletik joan zen, Joventuten aurka final-laurdenak ezin pasata; muga fisikoak eta aurkariaren intentsitatea giltzarri orduan ere. Euroligan aurreneko postuan igaro zen 2022tik 2023ra, baina jardunaldiek aurrera egin ahala, Top 8an eusteko gorriak eta beltzak ari da ikusten talde gasteiztarra, eta orain badaki Euroligako hurrengo hiru partidak, etxean jokatu beharrekoak, nahitaez irabazi behar dituela. Baina bitartean euskal derbia ezin da ahaztu.
Bilbao Basket ez da erraldoia, baina ezta ere zaplasteko bat emanda hiltzen den eulia ere. Valentzia Basketi edo Joventuti Badalonan irabaztea zer den badaki; Baskoniaren beraren aurkako euskal derbian lanak eman zituen Jaume Ponsarnauren taldeak, berdin Real Madril edo Barçaren aurka ere. Presiorik gabe jokatuko du, gainera, sailkapen nagusian atzeko postuetatik baino hurbilago baitago ACB Ligako zortzi onenengandik. Saski Baskonia da faborito, inork baino baliabide gehiago baititu aurten saskira begira, 90 puntutik gora sartzen ditu-eta ACB Ligan. Baina burua errazkerian erortzen edo Euroligara begira arinegi joaten utziz gero, agian disgustoren bat izango du Joan Peñarroyaren taldeak. Behingoagatik, «Kaunas Planak» bizpahiru egun itxaron ditzake oraindik ere.