Jon Ormazabal
Entrevista
Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta
Aspeko pilotariak

«Ari gara buelta ematen, ea txapela Xabiri eskaintzeko modua dugun»

Bezperan Bilbon izandako sentsazio kontrajarrien biharamun emozional eta fisiko betean hartu gintuzten atzo, Eibarren, mallabitarrak eta etxarrendarrak, pixkanaka Binakako finalean egoteagatiko ilusioa Xabi Tolosak izandako ezbeharrak sortutako saminari gailentzen hasteko bidean zela.

Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta Eibarren.
Aitor Elordi eta Jose Javier Zabaleta Eibarren. (Gorka RUBIO/FOKU)

Bilboko partidatik 24 ordu igaro direnean, nola zaudete, hasi zarete buelta ematen?

AITOR ELORDI (A.E.) Bueno, nik behintzat eman diot buelta, azkenean denok pena handiarekin amaitu genuen, baina azkenean pena horretan ezin gara geratu. Finalerako txartela eskuratu genuen nahiz eta ez zen guk nahi genuen eran izan, baina finalean gaude eta mentalizatuta eta egoerari buelta emanda.
JOSE JAVIER ZABALETA (J.Z.). Ni ere antzeko, oraindik pixka bat atzoko egunari [igandea] begira. Oraindik burua horretan daukagu pixka bat, baina hemendik aurrera igandeko final horretan pentsatzen hasi beharko gara.

Aitor, lehen finalera horrela heldu behar; zer pasatzen zaizu burutik?

(A.E.) Buelta eman behar zaio horri, egoera batzuk daude horrela ematen direnak, kirolaren parte dira eta ahalik eta ondoen hartu behar dira, batzuetan alde jausten dira, bestetan kontra, eta ez dago besterik. Pena handia eman zigun, baina finalerako txartela guk lortu genuen eta orain tope borrokatzera eta, lortuko bagenu, Xabiri eskaintzera.

Gutxitan ikusten da halako partida garrantzitsu batean denek triste amaitzea. Bere txarrean, pilotarien irudi ederra eman zenuten.

(J.Z.) Bai, noski, oso triste amaitu genuen. Azkenean beti esaten dut kristoren taldea daukagula Aspen, denak oso  ongi konpontzen gara. Gero, gainera, nik Xabi aspalditik ezagutzen dut, entrenamendu pila bat egin ditugu elkarrekin eta bera bereziki oso jator portatu da nirekin beti eta horrelako pertsona bat gehiago apreziatzen duzu eta horrela sufritzen ikustea ez da gustukoa.
(A.E.) Nik ere betidanik  oso harreman berezia izan dut Xabirekin, bai berak eta bai nik Bilbokoa bezalako aukera bat izateko lan asko egin behar izan dugu eta biontzat partida oso garrantzitsua zen, gure ibilbideko partidarik garrantzitsuena. Eta alde horretatik ulertzen nuen bere tristura hori, oso ondo ulertzen nuen sentitzen zuena. Azkenean lagun eta lankide moduan tristura handiz bizi izan nuen.

Eta zu, Jose, nola zaude? Partida amaituta zu entzunda, beldurtu ere egin ginen.

(J.Z.) Bueno, egia esan, gaur alde horretatik askoz hobeto nago. Masajistan egon naiz kristoren lana egin du nirekin eta hobeto sentitzen naiz. Nik uste alde horretatik hurrengo egunetan buelta emango diodala eta ziur aski hobeto sentituko naizela laster.
Eguerdian-edo hasi nintzen pixka bat ondoezik sentitzen. Partida hasi zenean tripetatik gaizki sentitu nintzen, gero tanto bakoitzean korrika asko egitea tokatu zitzaidan, okerrago sentitu nintzen eta, nahiz eta ongi ez aurkitu, saiatu nintzen Elordiri ahalik eta gehien laguntzen.

Gainontzean, Binakako handia jokatu duzu; txapelketako pilotaria izan zarela ere esaten dute askok.

(J.Z.) Ez dakit. Nik beti esaten dut Altunak lehen partidak ez zituela jokatu baina, nire ustez, Altunak egin duen txapelketa ikaragarria da. Aitorrena ere bai, azkenean 17 partidetatik nik uste dut bat jokatu duela gaizki. Sekulako maila erakutsi du partida guztietan, tanto pila bat egiten... eta ni, egia esan, beste urte batzuetan brillanteago edo gusturago sentitu naiz aurten baino, baina aurten egindako txapelketarekin ere, egia esan, pozik.

Oso zorrotza zara zeure buruarekin...

(J.Z.) Bai, beti izan naiz. Nire ustez, maila ona eman ahal dudalako da eta beti saiatzen naiz ahalik eta hobekien jokatzen. Esango nuke niretzat txapelketa gogorrena izaten ari dela binaka; hori sentitzen ari naiz. Beste bikoteak ere sekulako maila erakusten ari dira. Horregatik izango da baina, nire ustez, oso txapelketa zaila izaten ari da. Ni exijentea naizenez, nik ere pentsatzen dut hobeto ibili behar nuela.

Eta, Aitor, Lau eta Erdikoarekin eta Binakakoarekin egonkortu zara onenen artean?

(A.E.) Hala izan daiteke, baina azkenean hau etengabeko borroka eta lan bat da. Hemen astero lanean topera jarraitu behar duzu, betiere zure lekua defendatuz, ze azkenean konpetentzia oso handia dago, maila oso handia. Azken bi txapelketa hauek jendeak uste zuena baino hobeak egin ditut eta jarraitzeko gogo horrekin.

Ia estelarrik jokatu gabe egin diezu aurre bi txapelketa  hauei. Nola  izan da hori?

(A.E.) Bai, hala da. Nik hausnartzeko denbora askorik ere ez dut izan; lau eta erdiko oso on batetik heldu nintzen Binakakora, oso motibatuta; atzelaririk onenarekin jokatzeko aukera niretzat oso ona zen. Esan duzun moduan, ez nuen izan aukera askorik estelarretan parte hartzeko baina nik uste dut txapelketa honetan ikusi dela halako partidak jokatzeko gai naizela.

 

Elordi
«Ez nuen izan aukera askorik estelarretan parte hartzeko, baina nik uste dut txapelketa honetan ikusi dela halako partidak jokatzeko gai naizela»


Eta zure esperientziatik, Jose, nola ikusi duzu Aitor?

(J.Z.) Bikain, egunero alai. Izan zuen aste bat eskuko minekin aritu zela, baina aste batean sendatu zituen eta txapelketa osoan zehar oso alai ibili da.

Alde horretatik, oso ondo egin duzue bat elkarrekin, eta oso izaera desberdinekoak dirudizue. Ez da horrela?

(J.Z.) Bai, bai, halaxe gara. Ni oso lasaia, isila, naiz eta bera mugituagoa da eta, batez ere, ikusten zaio oso alaia dela.

Tokatu zaizu lasaitu behar izatea uneren batean? Enpresako beteranoa zara...

(J.Z.) Bueno eta baita berari ni lasaitzea ere. Txapelketa osoan zehar asko hitz egin dugu, pila bat, gauzak ondo joan direnean eta okerrago joan direnean ere bai, eta bikote baten gauza handia da hori.

Eta Joserekin jokatze hori nolakoa da, Aitor? Alde batetik, gozamen hutsa behar du, baina presio puntu bat ere ez du? Beti dago txapelaren mugan.

(A.E.) Denetik pixka bat, nik uste normala ere badela, txapelketa oso luzea izan da eta egoera desberdinak bizitzeko aukera izan dut. Gauzak alde joan direnean asko gozatu dut, oso ondo hartu dugulako elkar, eta gero egoera ez hain gozo batzuk ere izan ditugu eta zuk esan duzun presio hori ere nabaritu izan dut momentu batzuetan, baina azkenean dena da txapelketaren parte.
Jakin ere egin behar da jokatzen, noiz sartu, noiz eman pauso bat atzera eta berari protagonismoa utzi... aurrelari denentzat ez da beti erraza.
(A.E.) Bai, horrela da, azkenean ni konfiantzarekin egon naizenean nahiko erraza egin zait berarekin jokatzea, baina arazo batzuk etorri zaizkit konfiantza puntu hori hain altu ez nuenean, tantoa amaitzeko hainbesteko erraztasunik izan ez dudanean, eta mamu horiek hor hasten dira agertzen. Baina azkenean, esandakoa, txapelketa hain luzea izanda, egoera guztietatik pasa beharra dago.

Zabaleta
«Esango nuke niretzat txapelketa gogorrena izaten ari dela binaka; hori sentitzen ari naiz. Beste bikoteak ere sekulako maila erakusten ari dira. Horregatik izango da»


Txarrena, agian, finalean aurkari izango dituzuen Laso-Imazen aurka Labriten finalerdietan jokatutakoa?

(A.E.) Bai, esaten dute txapelketa guztietan egon behar dela partida oker bat eta niri etorri zitzaidan momenturik okerrenean. Lehen partida horretan, bai, presio puntu altu bat nabaritu nuen, baina hobeto jakin nuen kudeatzen eta bigarren partida horretan behera etorri nintzen, sentsazio txarrak gailendu ziren nigan eta sufritu egin nuen, egia esan. Baina hurrengo astean egoerari buelta eman nion eta atzokoa partida oso gogorra izan zen, baina sentsazio oso onekin aritu nintzen.

Lehen finala duzu; atarikoa nolakoa izan daitekeen sumatzeko astirik eman dizu?

(A.E.) Ez, egia esan, dena oso azkar doa; atzo partida hori jokatzen ari ginen eta ordu gutxi batzuk pasa eta finalerako elkarrizketak egiten ari gara. Azkenean, dena oso azkar  doa eta hausnartzeko asti barik, baina azkenean, nik esaten dudan  moduan, horrelako momentuak topera bizi beharra dago eta ahalik eta gehien disfrutatzen saiatu.

Final asko jokatu dituztenek diote eguneroko martxari eustea dela onena. Nolakoa da zure egunerokoa?

(A.E.) Baserrian bizi naiz nire animaliez inguratuta eta leku oso lasaian. Eta gero, ba pilotari denon moduan entrenatzen  pasatzen ditut egunerokoan ordu dezente. Gero Mallabiko pilota eskolan ere banabil umeekin eta nire inguruko jendearekin elkartuta.

Nolako esperientzia da hori?

(A.E.) Iaz hasi nintzen entrenatzaile lanetan eta aurten ere jarraitzea erabaki genuen, eta ume batzuk ere badabiltza pilota eskolan, gero eta gehiago. Egia esan, giro polita dugu eta gustura ibiltzen gara. Herri pilotazalea da Mallabia. Ni ere eskola horretan hasi nintzen. Urte batzuetan agian zaletasun hori galduta ere egon da, baina azkeneko bi urte hauetan nabaritzen dut hobekuntza, ume gehiago dabiltza.