NAIZ
Bilbo

Iñaki Garces eta Aitor Herrera baldintzapean aske, 25 eta 19 urteko espetxealdien ostean

Espetxean 25 urte daramatzan Iñaki Garces Beitia otxandioarra baldintzapeko askatasunean gelditu da, eta gauza bera gertatu da Aitor Herrera santurtziarrarekin, azken hau kartzelan 19 urte eman ostean.

Presoak etxeratzearen aldeko elkarretaratzea, Gasteizen.
Presoak etxeratzearen aldeko elkarretaratzea, Gasteizen. (Jaizki Fontaneda | Foku)

Etxeratek jakitera eman duenez, baldintzapeko askatasuna eskuratu du Iñaki Garces Beitia Otxandioko presoak goiz honetan. 25 urte daramatza espetxean eta 2017an bete zituen zigorraren hiru laurdenak.

Ordu batzuk beranduago Aitor Herrera santurtziarra izan da baldintzapeko askatasuna eskuratu duena, kasu honetan espetxean 19 urtetik gora eman ondoren.

Garces 2021eko udaberrian iritsi zen Zueratik Basauriko espetxera. 2017an zigorraren hiru laurdenak bete zituen eta urtebete geroago bigarren gradua eman zioten.

2022ko otsailean 3. gradua eman zioten, Basauriko eta Martuteneko beste 7 presorekin batera: Egoitz Coto Etxeandia, Joseba Lerin Sánchez, Unai Fano Aldasoro eta Ugaitz Perez Zorriketa, Mikel Arrieta Llopis, Joseba Arregi Erostarbe eta Francisco José Ramada Estevez. Fiskaltzak, alabaina, helegitea jarri zuen kasu gehienetan.

Herrerari dagokionez, 2004. urtean atxilotu eta kartzelaratu zuten, Baltasar Garzon epailaren aginduz. Geroztik espainiar zenbait espetxetan egon da: urte ugari Pontevedrako A Laman, eta azken boladan Kantabriako Dueson lehenik eta Basaurin gero. Erabaki honekin ez da kartzelara itzuli beharko.