NAIZ

Renfek 200 milioi euroko kontratua esleitu dio CAFi, aldiriko 29 tren hornitzeko

Aldiriko 29 tren hornitzeko 200 milioi euroko kontratua esleitu dio Renfek CAFi. Oinarrian, lau kotxek osatuko dituzte Beasaingo enpresak ekoitziko dituen trenek eta 500 bidaiari baino gehiago garraiatzeko edukiera izango dute.

CAFek hornitutako trenak.
CAFek hornitutako trenak. (CAF)

Renfe garraio operadoreak iragarri du administrazio kontseiluak aldiriko 29 tren hornitzeko kontratua CAFi esleitzea onartu duela. Kontratuak 200 milioi euro inguruko bolumena du. Gainera, etorkizunera begira, beste bederatzi tren fabrikatzeko aukera jasotzen da.

CAFek prentsa ohar bidez jakinarazi duenez, proiektu berri hau Renfe azken urteotan garatzen ari den inbertsio-plan garrantzitsuan sartuta dago eta horren helburu nagusia da bere tren-flotaren zati handi bat berritzea, «eragingarriagoak eta jasangarriagoak diren unitateak gehitzearen aldeko apustu argia eginda».

Honako hau da, gainera, modernizazio-plan horren barruan CAFi esleitutako hirugarren kontratua. Ondorioz, akordio honen ostean, enpresak operadore horrekin duen negozio-zifra 750 milioi euro baino gehiagokoa da.

CAFek fabrikatuko dituen trenak 4 kotxek osatuko dituzte haien oinarrizko osaeran eta 500 bidaiari baino gehiago garraiatzeko edukiera izango dute. «Gainera, punta-puntako aurrerapenak izango dituzte teknologian eta bidaiariarentzako ibilgailu barruko erosotasun eta irisgarritasun arloetan. Besteak beste, mugikortasun murriztua duten pertsonei sarbide erraza eskaintzeko diseinatuta eta ikusizko edo entzumeneko desgaitasunen bat duten bidaiariei bidaia erosoago egiteko sistemekin hornituta egongo dira», gehitu du CAFek.

Enpresaren arabera, ekitaldi honetan lortutako «esleipen esanguratsua» izan da.

Enpresak marka berria ezarri zuen 2022an kontratazio bolumenean, sinatutako proiektuak 6.000 milioi eurotik gorakoak izan ondoren. Ondorioz, urte amaieran, eskarien zorroa 13.000 milioi euro baino gehiagokoa zen (zifra hori lehen aldiz lortu da CAFen historia luzean).

Hori guztia dela eta, hasi berri duen aldi estrategikoari «baikortasunez» ekin dio CAF Taldeak, eta, 2026. urteari begira, «asmo handiko helburuak» finkatu ditu hazkundeari eta errentagarritasunari dagokienez.