Pilotazale askok igandeko final handian izango dute begia jarria, baina larunbatean Labriten hitzordu garrantzitsua izango dute Javier Zabala-Andoni Gaskue eta Iker Larrazabal-Iosu Eskiroz bikoteek, Promozioko Binakako Txapelketako Finala jokatuko baitute 17:00etatik aurrera. Haientzako agertoki aparta izango da duten maila erakusteko, eta pilotari onenekin lehiatzeko gai direla baieztatzeko.
Finala berezi egiten du bikote bakoitzetik batek txapela irabazi duela, eta besteak estreinako finala jokatuko duela. Alde batetik, Eskirozek eta Zabalak badakite zer den horrelako final bat irabaztea: Makirriaineko atzelariak 2020an irabazi zuen Asier Agirrerekin batera, eta Errioxakoak iaz irabazi zuen Oier Etxeberriarekin. Beste aldetik, Gaskuerentzat eta Larrazabalentzat estreinako finala izango da.
Amurrioko aurrelariak txapela lortuko balu, esanahi handia edukiko luke Araban. Izan ere, duela 20 urte lortu zuen Aitor Pinedok arabarrentzat azken txapela. Larrazabalek adierazi du txapela irabazten badu, ez dela berarentzako izango, «arabar guztientzako baizik».
Eskiroz eta Larrazabal, onenekin
Baikokoek aukera izan dute Binakako Txapelketan aritzeko. Makirriaineko atzelariak ezin hobeto probestu du bere aukera, zazpi partidetatik hirutan gailenduta: Peñarekin bi neurketa irabazi zituen eta beste bat galdu, eta Lasorekin bi galdu eta bat irabazi, –kontuan hartuta galdu zituenetatik bi Elordi-Zabaleta ligaxkako bikote onenaren aurka izan zela–. Bereziki nabarmentzekoa Peñarekin lortu zituen garaipenak Laso-Imaz eta Jaka-Aranguren bikoteen aurka; ez baitzen lan erraza Mariezkurrena bezalako atzelari bat ordezkatzea.
Amurriokoa ere ez da atzean geratu, eta Eskirozen antzera, Baiko enpresak pilotari onenekin jokatzeko emandako aukera aprobetxatu du, eta nola, gainera. Urrutikoetxea aurrelaria ordezkatu du partida guztietan, eta emaitzez harago –hirutik soilik bat irabazi baitu, aintzat hartuta galdu dituenak Elordi-Zabaleta eta Altuna-Tolosa bezalako bikoteen aurka izan dela–, maila ona eman zuen bereziki Elordi-Zabaleta bikotearen aurkako partidan, jokoaren erritmoa markatuz eta tanto ikusgarriak amaituz.
Binakako Txapelketa nagusian jokatzeko izan duen aukeraz mintzatu da Amurriokoa Euskadi Irratian, eta adierazi «halako» pilotarien aurka jokatzeak, «hala nola Altunaren kontra, beste maila bat» eman diola. «Albisurekin oso ondo jokatu nuen, eta momentua aprobetxatu dut. Pozik nago egindakoarekin», nabarmendu du 20 urte besterik ez dituen atzelari arabarrak.
Dema «oso gogorra»
Gaur egin dute material hautaketa Labriten Zabala-Gaskuek eta Larrazabal-Eskirozek. Aspeko bikoteak «faboritotzat» jo dituzte Baikokoak, elkarren aurka jokatutako azken bi neurketetan haiek izan direlako garaile –batean 22-16 eta bestean 22-13–. Hortaz, espero dute larunbatean bolada txar horri amaiera ematea: «Larrazabalek eta Eskirozek txapelketa oso ona jokatu dute, eta azken bi partidetan irabazi egin digute, baina guk atzetik aurrera egin dugu, eta orain une onean gaude», nabarmendu du Zabalak. Errioxako aurrelariaren bide beretik, Gaskuek gehitu du Eskiroz-Larrazabal bikote «oso gogorra» dela eta beraiek dutela «irabazteko presioa».
Elkarren aurka jokatu dituzten partidetan Baikoko bikotea gailendu den arren, ligaxkan Aspekoak izan dira erregularragoak, bederatzi lehia irabazita –Larrazabal-Eskirozek zazpi irabazi dituzte–. «Dema oso gogorra izango da. Iosu [Eskiroz] sekulako atzelaria da, bi eskuekin ondo moldatzen da eta ez du ezer oparitzen. Ikerrek [Larrazabal] sekulako kolpea du eta min asko egiten du», adierazi du Gaskuek.
Horrez gain, nafarraren ustetan, partidaren gakoa Zabaletaren eta Larrazabalen artean egongo da: «Aparteko bi aurrelari dira, indar handikoak eta edozer gauza egiteko gai dira». Aspeko aurrelariak esan du jokoa «atzean eusten» saiatuko direla. Baikoko bikotearen aurka azken partidetan egin zituzten akatsen inguruan, Zabalak nabarmendu du kontuan hartu behar direla «egindako akatsak eta aldatzen saiatu». Errioxako atzelariak dio partidan «abiadura» ezartzen duenak izango duela «jokoaren ekimena».
Labriteko frontoian giro ona izango da nagusi, eta Gaskuek uste du hori «motibazio iturria» izango dela haientzako: «Ez dugu beti hainbeste jende ezagunarekin jokatzen, ezta hainbesteko giroarekin ere». Era berean, Zabalak adierazi du espero duela emaitza iazkoa bezalako izatea.