Barbajero metodoa
Oroibarko entrenamendu taldea pil-pilean dabil azkenaldian. «Nik nire lana egin dut eta orain zuei dagokizue» esan die, akuilu modura, Berezkoen txapela jantzi berri duen Luis Sanchezek, asteburu honetan binakako finalak dituzten Iosu Eskirozi eta Jose Javier Zabaletari.
Beste kirol askotan bezala, talde eta klubek jartzen dituzten entrenamendu teknikoez harago, pilota munduan gero eta ohikoagoa da profesional bakoitzak beste talde bat eratzea bere inguruan; dietista, coach, prestatzaile fisiko... kirol ibilbideari ahalik eta etekinik handiena ateratzeko. Emaitzei erreparatzen badiegu, «Barbajero» metodoak ondo funtzionatzen duela esan genezake, Oroibarren egoitza duen taldeko hiru pilotaririk ezagunenak txapelak eskuratzetik gertu baitaude; Battitta Ducassou gaindituta, Luis Sanchezek duela aste batzuk lortu zuen Berezkoen txapelik preziatuena janztea, eta Esteribarrekoak zabaldutako bidetik jarraitu nahiko lukete Iosu Eskirozek eta Jose Javier Zabaletak asteburu honetan, Promozioko Binakakoan Makirriaingoak eta lehen mailakoan etxarrendarrak.
Bere metodoaren sekretuaren inguruan galdetuta, nafarrari kosta egiten zaio erantzutea, baina argi dauka «taldean daukagun giroarekin» oso pozik dagoela, eta hein handi batean horri egozten dio arrakastaren eta bizi duten une ederraren errua. Berez bakarkako kirola den pilotan, nahiko talde heterogeneoa osatzen dute lehen mailako atzelari batek, bigarrenetik elitera jauzia eman nahi duen beste batek, trinket profesionalaren mundua epe ertainean aginte makila hartzera deitutako pilotariak eta, lagunaren arrakasta ikusita, ezker paretatik trinketera jauzia emateko prestatzen ari den Iker Espinal bezalako afizionatu batek; baina elkarrekin aritze hori oso lagungarria omen da, nahiz eta bakoitzaren egoera eta beharrak oso desberdinak izan.
«Prestakuntza fisikoa nahiko antzekoa da orokorrean. Kontua da hau talde txiki bat dela, eta saiatzen naiz bakoitzari behar duena ematen. Planifikazioa noski aldatzen dela, baina gauza asko elkarrekin egiten ditugu. Talde konexio hori oso ondo etortzen da, elkarren lagunak dira, elkar ulertzen dute eta gero elkarri egiten dizkioten txantxak, elkarren artean izaten dituzten pikeek eta giroak asko laguntzen die lan fisikoa egiteko beharrezkoa den motibazioa bilatzen», azaldu du.
Berak ere inork baino hobeto ezagutzen ditu pilotari batek izan ditzakeen beharrak eta zalantzak, bizi guztia baitarama pilotalekuetan. Ikasketak prestakuntza fisikoaren alorretik egin bazituen ere, pilota bere biziaren parte da eta, urrutira joan gabe, Espainiako frontball selekzioko hautatzailea ere bada. Pilotarien prestakuntza fisikoa oraindik nahiko arrotza zen garai batean ekin zion gaur egun zuzentzen duen taldearen lana gidatzeari. Jose Javier Zabaleta, esaterako, 2015ean ezagutu zuen, eskuineko orpazurdan izandako lesio batengatik lehenik eta eskuin eskuan irten zitzaion garatxo baten erruz geroago, etxarrendarra nahiko momentu zailean zela. Eskiroz ume bat zela, 16 urterekin hurbildu zen taldera, eta Luis Sanchez, aldiz, Esteribarreko klubean ezagutu zuen, afizionatu munduko zenbait elkarterekin ere lan egiten zuen garaian.
Langilea, atleta eta bizkorra
Bistan da Eskiroz, Zabaleta eta Luis Sanchez ondo ezagutzen dituela. Guk bakoitzaren bertute bat nabarmentzeko eskatu diogu. «Eskiroz oso langilea da, oso zentratuta dago, kirolari hutsa da. Zabaleta atleta bat da, eta nik uste halako dohain berezi batzuekin jaio zela; abiadura, indarra, koordinazioa... atleta bat dela esango nuke. Eta Luis Sanchez oso azkarra da, bai hankaz, bai eta besoz ere».
Zabaleta baino azkarragoa? Inoiz entzun izan baitugu Aspekoak 100 metroak 11 segundoren buelta horretan ere egin izan dituela. «Luis ere hortxe ibiltzen da, pikeak eta izaten dituzte esprintetan. Kontua da Luis Sanchez distantzia motzagoetan moldatzen dela ongien. Hori da gainera lantzen duguna, trinketean desplazamenduak ez baitira hain handiak, oso erne egon behar duzu pilota edozein lekutatik hel dakizulako, eta edozein norabidetan azkar mugitu behar duzu. Oso azkarra da, erreakzio puntu horretan asko nabarmentzen da».
Ezker paretako atzelarien morfologia ere asko aldatu da azken urteetan; eta Iñaki Barbajerok ere bat egiten du, XXI. mendeko pilotari batek indarra bai, baina batez ere dinamismoa izan behar duela diotenekin. «Piloten abiadura guztiz aldatu da, Eskiroz eta Zabaletaren kasuan, nik uste okerrerako, sekulako boteak ematen baitituzte, eta jokoaren abiadura ere ikaragarri aldatu da. Noski indartsuak izan behar dutela, baina baita hankez eta desplazamenduetan ere oso azkarrak izan behar dute, txokoa babestu behar izaten dute, pilotak askotan efektuarekin datoz, oso denbora gutxi izaten dute, eta gu hori guztia lantzen saiatzen gara», azaldu du.
Eta ezin ba Labriten eta Nafarroa Arenan bertatik bertara ikusiko dituen inguruan bere pronostikoa galdetu gabe utzi: pasatuko al dira bi txapelak Oroibartik? «Nik uste baietz, edo baietz espero dut behintzat. Bi finalak oso zailak dira, batzuen eta besteen aurkariak oso momentu onean baitatoz. Baina uste dut aukera hor dutela. Ea bi txapelak etxera ekartzen dituzten. Guk konfiantza badugu behintzat. Astea ona izan da», esan zigun Iñaki Barbajerok asteko azken lan saioa, ostiral arratsaldez, hasi baino lehentxeago. Berak ere sufritzeko prestatu behar izango omen du.