NAIZ

Elikagai sintetikoen ekoizpena debekatzeko deia egin die instituzioei EHNE Bizkaiak

Hego Euskal Herriko instituzioe elikagai sintetikoen ekoizpen eta salmenta debekatzeko eskatu die EHNE Bizkaiak, iritzita ‘in vitro’ elikaduraren merkatuak nekazaritza industrialak besteko kaltea egin dezakeela.

Elikadura sintetikoa bultzatu beharrean agroekologia dibertsifikatu behar dela uste du EHNEk.
Elikadura sintetikoa bultzatu beharrean agroekologia dibertsifikatu behar dela uste du EHNEk. (Iñigo URIZ | FOKU)

EHNE Bizkaiak bere XII. Kongresua egin du igande honetan Derion, eta bertan erabaki du Hego Euskal Herriko instituzioei eskatzea elikagai sintetikoen ekoizpen eta salmenta debekatzeko bidea abian jar dezatela.

Sindikatu honetan ustez, merkatuak «jasangarri eta etiko» moduan aurkezten duen elikadura sintetikoa nekazaritza industrialaren bilakaeraren ondorioa besterik ez da. Halaber, salatu dute elikagai sintetikoen merkatua «nekazaritza industrialean ezarritako finantza interesak» mugitzen duela. Horregatik, ohartarazi du Donostian egin asmo den ‘in vitro’ haragiaren lehen laborategiaren atzean dagoen BioTech Foods enpresa JBS multinazional brasildarrak kudeatzen duela, «gaur egun munduko haragi proteinen ekoizle handiena».

EHNEren iritziz, «inoiz baino premiazkoagoa da nekazaritza eta arrantza industrializatuaren paradigmatik sistema agroekologiko dibertsifikatuetara aldatzea», eta horrek nekazaritza eta elikadura sistema eraldatzea eskatzen duela nabarmendu du: «Lurraldea antolatu behar da eta elikagaiak ekoizteko eta banatzeko kate globalak birlokalizatu behar dira, ekoizleen eta kontsumitzailearen arteko hurbiltasun harremana bultzatzeko, eta biodibertsitatea, ura eta ingurune naturala populazio guneekin eta horien urbanizazio eta landaketa prozesuekin orekatuta egon daitezen».

«Argi dago elikagaien ekoizpen ereduen arteko talkak beste dimentsio bat hartzen duela. Baserritarrek ekoitzitako elikagaiak, ‘in vitro’ elikaduraren aurrean; eta baserritarrez osatutako nekazaritza eta abeltzaintza, baserritarrik gabeko nekazaritza baten aurrean. Eta errealitate honen aurrean ez da posible eredu biak babestea edo posizio neutro bat agertzea», adierazi du sindikatuak.