NAIZ

Brebeta zuzentzeari uko egin zioten irakasleen aurkako zigorra kentzeko eskatu du Seaskak

2022ko Brebetako frogetan, irakasle multzo batek, Seaskaren deiari erantzunez, desobedientzia egin zuen, azterketak osoki euskaraz ez zirenez horien zuzenketa errefusatuz. Hezkuntza Erretoretzak irakasleei ezarritako zigor ekonomikoa berretsi ostean elkarretaratzea deitu du asteazkenerako Seaskak.

Besteak beste Kanboko Xalbador kolegioko ikasleek aurten Brebeta azterketa osoki pasatzeko aukera izanen dute.
Besteak beste Kanboko Xalbador kolegioko ikasleek aurten Brebeta azterketa osoki pasatzeko aukera izanen dute. (Bob EDME)

2022ko ekaineko Brebetako frogen karietara, irakasle multzo handi batek, Seaskaren deiari erantzunik, desobedientzia egin zuen. Azterketak osoki euskaraz ezin zirela egin salatzeko zuzenketak egiteari errefusatu zioten irakasleek. Horren ondotik Hezkuntza Akademiak egun bakoitzeko soldataren %30 kenduko ziela jakinarazi zien. Seaskak lan egiten duten irakasleek helegitea ezarri bazuten ere, berriki isuna hori berresten zuela jakinarazi diei Bordeleko Hezkuntza Erretoretzak.

Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioak agiri baten bidez astelehen honetan azaldu duenez, desobedientzia egitea erabaki zuten irakasleen artean, zehazki dozena bati, zuzenketa lanak egiteko dei egin zien Erretoretzak. Izan ere, irakasle horiek Brebeta zuzentzeari uko egin ziotela ikasleek azterketa osorik ezin zutela salatzeko oroitarazi du Seaskak.

Martxoaren 22ko data duen gutun baten bidez Errektoradutzak irakasle horiei zigor gisa, heien soldataren parte hori kentzeko asmoa berretsi du haien eginkizuna ez zutela bete esanez.

Albiste txar hori, paradoxikoki, Hezkuntza Ministerioak Brebet azterketa osorik egin ahal izateko harturiko erabakia ezagutarazi eta egun gutxitara heldu da.

Hain zuzen iragan martxoaren 17an ezagutarazi zion bere erabakia Brebet azterketaren zientzietako friogari buruz frantses Hezkuntza ministroak Pap Ndiayek Euskararen Erakunde Publikoari.

Gauzak horrela heldu den ekainaren amaieran Brebeta osoki euskaraz idatziko dute Seaskako ikasleek.

Alta, Bernat Etxepare lizeoan azken kurtsoa egiten ari diren 120 bat ikaslek oraindik ere frantsesez idatziko beharko dute goi ikasketak egin aurretik gainditu behar den azterketa.

Elkarretaratzea Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitzaren aitzinean

Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko eta, era berean, irakasleei Erretoretzak ezarritako isuna salatzekl elkarretaratzea deitu du, asteazken honetarako, Seaskak.

Baionako Areeta auzoan kokaturik dagoen Hezkuntza Ikuskaritzaren egoitzaren aitzinean hitzordua eman du 14.00etan. Irakasle guztiei deia zuzendu die Seaskak zigorra jaso duten lankideekin bat eginez elkartasun ekimenera bertaratu daitezen.

Era berean azterketa guztiak euskaraz egitea eskubidea dela aldarrikatzeko apirilaren 22rako euskaldintzak Baionan deituriko manifestaziora joateko deia berretsi du Seaskak.