NAIZ

Egiari Zor, ‘Espejo auziaz’: «Moral bikoitzaz eta hipokrisiaz nazkatuta gaude»

Egiari Zorrek kritikatu egin du Mikel Zabalzaren heriotzari lotuta dagoen Arturo Espejo guardia zibilaren maila igoera. «Nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude hainbestetan erasotuak izateaz, jasaten ditugun irain eta umiliazioak neurtzeko dagoen moral bikoitzaz eta baita hipokrisiaz ere».

Arturo Espejo eta Jose Luis Abalos (PSOE) Espainiako Kongresuan.
Arturo Espejo eta Jose Luis Abalos (PSOE) Espainiako Kongresuan. (Eduardo PARRA | EP)

Egiari Zor fundazioak salatu egin du Arturo Espejo guardia zibilaren maila igoera. Izan ere Mikel Zabalzaren heriotzari lotuta dago, eta «maila igoera berri horrek agerian uzten du, beste behin ere, eta dagoeneko gehiegi dira, Estatuko indarkeriaren biktimok jasaten dugun irain eta birbiktimizazio etengabea».

«Nazkatuta gaude. Nazkatuta gaude hainbestetan erasotuak izateaz, jasaten ditugun irain eta umiliazioak neurtzeko dagoen moral bikoitzaz eta baita hipokrisiaz ere», gaineratu du. Fundazioak dei egin die arduradun politikoei, Arartekoari eta Euskal Herriko erakundeei egoera honen aurrean adierazpena egin dezaten: «Egoera honek printzipio demokratikoekin, biktimen eskubideekin eta bizikidetza kontziliatu batek asmo duen interpretazio ortzimugarekin aurrez aurre talka egiten baitu».

Ohar batean gogoratu duenez, «GALekiko loturagatik zigortutako Barne ministroa izandako Jose Barrionuevok kasu honi buruz mantendutako bertsio ofizialak Mikel Zabalzaren gain jartzen zuen bere heriotzaren erantzukizuna; izan ere ziurtatzen zuen Intxaurrondoko kuarteleko bi guardia zibilekin batera ustezko zulo baten bila zihoala, Endarlatsako tunela zeharkatzen ari zirela haiengandik ihes eta eskuak lotuta Bidasoa ibaiaren uretara bota zuela bere burua».

Baina telefonoz izandako solasaldi batean Guardia Zibilaren agintaria zen Gomez Nietok Cesid-eko koronela zen Juan Alberto Peroteri azaldu zion Zabalza «Lege Antiterroristaren aplikazioan inkomunikatuta egon zen egunetan izandako torturen ondorioz hil zela, eta baita Lasa eta Zabalaren heriotzen harira, beren hilobia zulatzera behartu zituztela ere».

Hala, duela urtebete, Zabalza ofizialki onartu zuten, 12/2016 Legearen bidez, bizitzeko eskubidea urratu izanaren biktima gisa, Intxaurrondoko Guardia Zibilaren kuartelaren egoitzan atxilotuta zegoela, «agerian utziz Guardia Zibilak eta Felipe Gonzalezen Gobernuak emandako bertsioaren sinesgarritasun eza».

Robles eta Marlaskaren erabakia

Fundazioaren esanetan, Espejo «bada Zabalzaren heriotzari buruzko Estatuko bertsio faltsuaren oinarri diren guardia zibil horietako bat». «Espejok gora egin du berriz ere; oraingoan, teniente general gisa, Margarita Robles Defentsa ministroaren esku eta gorputz militarreko kupularen laguntzarako agintariaren buru gisa, Grande-Marlaska Barne ministroaren erabakiz».

Ministro horien aurka jo du Egiari Zorrek. Azpimarratu duenez «Margarita Robles ‘La red’-en, barne esparruan torturarako egitura ezagutzen zen bezala, existentziaren jakitun zen eta Galindo jeneralaren aholkularitza zuen Justizia eta Barne Ministerioko Barne Estatu idazkaria zenean». Eta Grande-Marlaska, Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainiako Erresumari jarritako 11 zigorretatik 7tan epaile instruktorea izan da, «euskal herritarren torturen salaketen aurrean deus ez egiteagatik».

«‘Egin beharrekoa egin izanagatik’ ordainsariak»

«Zoritxarrez, hau da gure biktimazioaren egileei emandako igoera eta kondekorazio ugarietako bat. Estatu indarkeriaren biktimok jasaten dugun irain etengabearen bidetik jarraitzen duen ‘egin beharrekoa egin izanagatik’ ordainsaria», nabarmendu du.

Hori da, Egiari Zorrek salatu duenez, «urriaren 12an, EAEko Gobernuko ordezkaria den Denis Itxasok ‘vivas eta gorak’ eskaintzen dizkion Guardia Zibil berbera, herri honetan milaka pertsonari egindako kaltea aitortu ez arren; giza eskubideak urratzeagatik autokritikarik egin ez arren, ustezko terrorismoaren aurkako borroka baten babesean, herritar guztiengan beldurra zabaltzeko eta atxilotu zein sistematikoki torturatzeko, batzuk heriotzaraino, balio izan duena».