NAIZ

Irungo Uranzu pilota egokituaren garapenaren erakusleiho izango da igande honetan

Euskal Pilota Egokitua Saria Nagusiaren bi finalak jokatuko dira 12.00etatik aurrera: adimen urritasuna duten Gomez-Huegun eta Lertxundi-Sagarmendi, eta urritasun fisikoa duten Yann-Lizaso/Quesada-Maixi pilotariak.

Igande eguerdian Irungo Uranzu pilotalekuan protagonistak izango diren pilotariak.
Igande eguerdian Irungo Uranzu pilotalekuan protagonistak izango diren pilotariak. (MASTER CUP IREKIA)

2018an Legazpiko finalekin hasi zen Euskal Pilota Egokituaren abentura urrats sendoak ematen ari da inklusio sozialerako eta talentuen garapenerako eta bide horretan pausu garrantzitsu berri bat emango da igande eguerdi honetan Irunen, bertako Uranzu pilotalekuan jokatuko den Euskal Pilota Egokitua Saria Nagusiaren finalekin. Jaialdia eguerdiko 12.00etan hasiko da eta ETB-1 eta Eitb.eus atarian ikusi ahal izango da zuzenean.

Bi izango dira jokatuko diren partidak. Alde batetik, adimen urritasuna duten pilotarietan Gomez-Huegun eta Lertxundi-Sagarmendi arituko dira eta urritasun fisikoa dutenen mailan, Yann-Lizaso/Quesada-Maixi izango dira txapelen lehian arituko direnak. Parte hartzaileen artean badira final hauetan ohikoak diren txapeldun handien izenak: Eneko Sagarmendi edo Beñat Lizaso –bere seigarren finala jokatuko baitu, 2018 Legazpi, 2019 Beasain, 2020 Errenteria, 2021 Getaria eta 2022 Eibaren irabazi ostean– kasu, baina esaterako Irungoa lehen finala izango da Manu Quesada, Ibai Gomez eta Aritz Lertxundirentzat, pixkanaka kirol honetara gerturatzen ari diren pertsonen kopurua handitzen ari denaren seinale.

Txapelketan ikusitakoaren arabera, final estu eta parekatuak espero dira igande honetan Irunen. Ane Fuentes, txapelketako Kirol Zuzendariak esan duen bezala, «txapelketa misto eta inklusibo hau eredugarria da, eta baita pilotari hauen konpromisoa eta inplikazioa ere».

Astearte honetako aurkezpenean Blanca Cuesta, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioaren presidentea, Borja Olazabal Irungo Udaleko Kirol Zinegotzia, Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zuzendaria eta Iñaki Iturrieta, Laboral Kutxako ordezkaria egon dira. Hitza hartu duten guztiek kirolari hauek duten meritua goraipatu dute eta pilotazaleak finaletara hurbiltzera, frontoian edo telebista bidez, gonbidatu dituzte, ikusiko duten ikuskizunak pena merezi duela erabat sinistuta.