Mikel Irastorza

Independentziaren aldeko afixak jartzen ari zirela bi gazte jazarriak Uztaritzen

Apirilaren 5ean Uztaritzen muralak afixatzen ari ziren bi gazte galdezkatu dituzte jendarmeek. Komisariara deituko dituztela jakinarazi du haietariko batek Kazeta.eus atarian.

Irudiko afixak jartzeagatik galdezketa egin zieten jendarmeek bi gazteri Uztaritzen.
Irudiko afixak jartzeagatik galdezketa egin zieten jendarmeek bi gazteri Uztaritzen. (@kazetaeus)

Independentzia aldarrikatzen zuten paperezko mural handiak afixatzen ari ziren bi gazte gelditu zituen apirilaren 5eko arratsaldean Jendarmeriak Uztaritzen.

Horien artean da Kazeta.eus atarian gertaeren lekukotasuna eman duen Aitzol Gil de San Vicente hendaiarra.

«Afixa ezarri eta auto banalizatu batean zihoazen bi jendarmek gelditu gintuzten. Datuak jasotzen eta identifikatzen hasi zitzaizkigun, fitxatuko gintuztela esaten» azaldu du gazteak.

«Niri hasi zitzaizkidan esaten nire aita ezagutzen zutela eta ongi ez zeuden gauzak egin zituela».

Izan ere, David Pla egun Sortu alderdiko zuzendaritza-kidea, ETAko kide izan zen, tartean Norvegian izan zen mintzakidetzako partaide.

Ez zen hortan gelditu afera, kasik berrogei minutuz galdezketa «politikoa» egin baitzieten bi gazteei, abokaturik gabeko egoera batean.

«Ea zer mugimendutara afiliatuak geunden galdetu ziguten, ea nondik finantzatzen ziren afixa horiek... Ondoren, independentziaren aldeko mezua jendarmeriaren eta frantses Estatuaren kontrakoa dela esan ziguten, ez dela edozein publizitate eta orain ez dela independentziaz hitz egiteko momentua» azaldu du militante gazteak.

Anartean, Uztaritzeko Jendarmeriako bigarren auto bat ailegatu zen gertaeren lekura eta gazteei ohartarazi zieten «horrela hasten dela dena», Ipar Euskal Herrian izan diren beste ekintza batzuei erreferentzia eginez, zehazki higiezinen agentzietan agertu izan diren tindaketei buruz.

Komisariara deituak izateko abisua

Hala, jendarmeek datuak fitxategian sartu eta gazteei jakinarazi zieten Uztaritzeko komisariara joateko deialdia bidaliko zietela galdezketa egiteko, «eta ez baginen azaltzen, gure etxera etorriko zirela bila».

Oraingoz ez dute beste berririk. Materialari dagokionez, ez zieten ebatsi, baina afixa gehiagorik ez jartzeko ohartarazi zieten eta beste herriren batean ikusiz gero, haiek joko lituzketela arduraduntzat.

Bere lekukotasuna emateaz gain, Aitzol Gil de San Vicentek azken hilabete eta urteetan «Ipar Euskal Herriko gazteriaren lan politikoa jazartzeko eta oztopatzeko» ildoa salatu du. Izan diren atxiloketak eta isunak ekarri ditu gogora. «Gure kasuan independentistak gara, aldarri hori jarri dugu eta polizia ez da nor hori noiz eta non egin dezakegun esateko», gaineratu du gazteak.

Euskal gazteria bakean uzteko deia

Albistea jakin bezain laster, EH Baik ohar bat plazaratu du, jendarmeen jarrera gogorki salatu eta frantziar Estatuari euskal gazteria bakean uzteko galdeginez.

Alderdi honek oharrarazi duenez, «ez dugu onartuko euskal gazteriaren kontra aurkako inolako erasorik.

Zentzu horretan, gazteriaren ondoan egoteko engaiamenduan berresten gira». Halaber, komisariarako deialdirik ez izateko exijitu du.

Mugimendu abertzaleak gogora ekarri du frantziar Gobernu ezberdinak «kontrolak, mehatxuak, galdezketa politikoak, konbokazioak edota atxiloketak» erabili izan dituztela «Euskal Herria helburu duten aldarriak, eta haien artean independentziarena» isilarazteko.

60 urtetan ez dutela lortu gaineratu du EH Baik, heldu den larunbat eta igandean Itsasun ospatuko den Aberri Egunera joateko deia eginez.