Kopa finalerako txartela gogotsu ospatu ondoren, Osasuna lanera itzuli da gaur goizean. Gorritxoek zaleen babesa jaso dute Taxoaren eta Pablo Ibañez izan da bertaratu direnekin sinadura eta argazki gehien egin dituen jokalaria. San Mamesen egindako golak heroi bilakatu du 24 urteko gaztea.
«Egun pare bat daramatzagu guztiok hodeien artean, eta nik are gehiago», onartu du erdilariak. «Amestutako» gola egin zuela gaineratu du, Osasunaren lehen taldearekin lortzen duen lehenengoa, eta zaleengandik jaso duten babesa «sinestezina» dela nabarmendu du.
Gogoratu duen bezala, 300 bat lagun Gaztelu plazan elkartzea eskertzekoa da. «Jendeak benetan sentitzen du eta bizitzan gertatu zaidan gauzarik ederrena da», aitortu du.
Pablo Ibañezek nabarmendu duenez, «Kopa honek guretzako izan behar du». Datozen egunetan jakingo da zenbat sarrera jasoko dituen Osasunak maiatzaren 6an Sevillako La Cartuja estadioan jokatuko den finalerako. Real Madril izango da aurkaria, Carlo Ancelotti entrenatzaile italiarrak Sadarren jokatutako partidan Jagoba Arrasateri esan zion bezala.
Pablo Ibañezi beste gol gogoangarri bat gustatuko litzaioke eta bere poza agertu du Abdek jokatu ahal izango duelako. Bartzelonak utzita dago Iruñean eta ezingo luke kataluniarren aurka jokatu.
Sare sozialetan igotako argazkietan ere azpimarratu du bizitza osoan gogoratuko duela San Mamesen egindako gola.
Un día para toda la vida. pic.twitter.com/BasIVs7ote
— Pablo Ibañez (@pablius_2) April 6, 2023
Ruben Garcia eta Chimy, min hartuta
Osasunak larunbatean jokatuko du hurrengo partida (14.00etatik aurrera). Ligako azken postuan sailkatua dagoen Elx taldea hartuko dute Sadarren. Gorritxoak norgehiagoka prestatzen hasi dira eta ostiralean beste lan saio bat izango dute. Ruben Garcia eta Chimy min hartuta daude klubetik ezagutarazi duenaren arabera. Erasoko erdilariak giharretako lesio bat dauka. Argentinarrak, berriz, minduta jokatu zuen San Mamesen taldeari laguntzeko.
Elx taldea sailkapenaren zuloan dago eta 13 puntu bakarrik eskuratu ditu 27 jardunalditan eta hiru aldiz aldatu du entrenatzailea. Ia ezineskoa daukate maila mantentzea, 33 puntu geratzen direnean 14 puntuko aldea murriztu behar dute.
Neguko merkatuan heldutako Nteka eta Carmona jokalariek ezingo dute Sadarren jokatu lesionaturik daudelako. Bestalde, Lucas Boye aurrelari argentinarra prest egongo da eta baita Enzo Roco atzelari txiletarra. Pape Cheikh erdilariak ere jokatu ahal izango du.