NAIZ

Aretxabaletako gazte bat hil da Vietnamen, motor istripuan

25 urte zituen eta publizitatea ikasten ari zen. Duela bi hilabete hasi zuen bidaia bat, bakarrik, bere ametsa betetzeko asmoz, eta laster zen etxera itzultzekoa.

Aretxabaletako 25 urteko gazte bat hil da Vietnamen, motor istripuan, EiTBk berri eman duenez. 

Ekain Andres gaztea oporretan zegoen Vietnamen. Duela bi hilabete inguru hasi zuen bidaia Grezian, bakarrik eta motxiladun moduan, eta handik Asia hego-ekialdera jo zuen: Tailandia, Singapur, Bali eta Vietnam. Tamalez, motorrarekin istripua izan du eta hil egin da. Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak baieztatu dio heriotzaren berria Euskadi Irratiari.

Espainiar Atzerri Ministerioak ere baieztatu du berri txarra. Espainiar enbaxada familiarekin harremanetan jarri dela jakinarazi du, beharrezkoak diren tramiteetan laguntzeko.

Orain bere familia bere gorpua aberriratzea espero du, baina amak adierazi du ez dakitela noiz izango den, «izapideak» ezin izango baitira datorren astera arte hasi. Momentuz ez dute Vietnamera joateko asmorik. Nolanahi ere, hilotza noiz iritsiko zain daude, gazte gipuzkoar horren oroimenez ekitaldi bat egiteko.

«Ekainek egin nahi zuena egin du. Amets hori zuen eta ia bete egin du», esan du amak malko artean, gazteak hilaren 14an zuen Euskal Herrira itzultzeko asmoa.