NAIZ

2,7 milioi euroko ekarpena egin die Fagor Taldeak gizarte ekimenei 2022. urtean

2.782.280 euro bideratu zituen joan den urtean Fagor Taldeak Gizarte Funtsetik Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzea helburu duten ekinbideak sustatzera eta laguntzera.

Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bilera bat.
Debagoiena 2030 iraunkortasun sarearen bilera bat. (FAGOR)

2022. urtean zehar, 2.782.280 euro bideratu ditu Fagor Taldeak Gizarte Funtsetik Garapen Iraunkorrerako Helburuak lortzea helburu duten ekinbideak sustatzera eta laguntzera. «Bada, ohi duen moduan, legeak ezarria duen %10etik harago, urteko irabazien %12 bideratu du kooperatiba taldeak gizartearen auto-eratzea bilatzen duten barne mailako, Debagoieneko, Euskal Herriko eta nazioarteko egitasmoetara», azaldu du.

Ohar batean Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak adierazi duenez, «Fagor Taldea sortzetik dago komunitateari loturik, eta gizarte konpromisoz dihardu. Ulertzen du, unean uneko beharrak eta erronkak identifikatuta, haiek behar moduan heltzeko bitartekoak jartzea eta baldintzak sortzea dagokiola. Orain, Garapen Iraunkorrerako Helburuak ditu erdigunean jarririk, eta, horien bidean, beharrezkotzat du gizartearen auto-eratzean sakontzen segitzea».

Besteren artean, kooperatiba taldeko komunitateari begirako ekinbideak bultzatu ditu Fagorrek 2022. urtean, orotara, 663.043 euro bideratuta. Kooperatibetako euskara planetara eta haren bueltan abiarazitakoetara bideratu da zatirik handiena (578.362 euro), Fagor Taldeko langileei euskaraz lan egiteko aukera bermatze aldera. Horrez gain, 54.584 euroko ekarpena egin zaio boluntariotza, eta, oro har, gizarte egitasmoak, bultzatzeko sorturiko Fagor Elkarrekin tresna sortu berriari; eta, 30.097 eurokoa, lanerako bidean mugikortasunerako bide iraunkorren erabilera (bizikleta, garraio publikoa, auto partekatua...) sustatu nahian dabilen Fagor Mugi aplikazioari.

Halaber, 1.733.107 euro bideratu ditu Fagor Taldeak Debagoieneko bestelako ekinbideetara. Hain zuzen ere, Debagoiena 2030 iraunkortasun sareak 937.860 euroko ekarpena jaso du. Era berean, 602.460 euro bideratu ditu Gizabidea Fundaziora, hark, bailarako hezkuntza eragile kooperatiboen ekinbideak babes ditzan. Fagor Taldea da Fundazioaren patrono fundatzaile nagusia, eta, haren bidez, besteak beste, Arizmendi Ikastolaren Torrebaso 2030 proiektua eta Hirekin berrikuntza zein ekintzailetza zentroa lagundu ditu 2022an. Horiez gain, Taldeko kooperatibak leku hartuta dauden bestelako eragileak lagundu dira, orotara, 192.787 eurorekin.

Era berean, 145.146 euroko ekarpena egin du 2022an, Garapen Iraunkorrerako Helburuei erantzun «propio eta berritzaile bat eman guran sortu berri duen Fagor Herrigintza lankidetza programaren bidez bideratuz». Zehatz esanda, guztira, 120.000 euroko laguntza poltsa zuen sorturik kooperatiba taldeak deialdi ireki bidez banatzeko. Eta, helburuen betetze mailaren eta bazkideen botoaren araberako balorazioa eginda, Zaporeak elkartera (60.000 euro), Itsas Salbamendu Humanitariora (40.000 euro) eta Seaska Ikastolara (20.000 euro) bideratu du laguntza poltsa. Bestetik, 25.146 eurorekin lagundu ditu Euskal Herriko beste hainbat egitasmo.

Fagor Taldeak garapen bidean dauden herrialdeak laguntzen ere jarraitzen du. Hori horrela, Mundukide Fundazioa eta Garabide elkartea lagundu ditu 2022an. Zehazki, 230.984 euroko ekarpena jaso du horietan lehenak, garapen bidean diren herrialdeetan garapen komunitarioa sustatzen segi dezan; eta, 10.000 eurokoa bigarrenak, euskararen normalizazioan duen esperientzia hizkuntza gutxituen berreskuratze prozesuan dauden komunitateekin partekatzen jarraitzeko.