NAIZ

Ardiek Ordiziako kaleak hartu dituzte Artzain Egunean

Artzain Eguna dela eta, 2.000 ardi bildu dira asteazken honetan Ordiziako kaleetan. Honekin batera, aurtengo lehen Idiazabal gaztak aurkeztu dira eta Oiartzungo Zuberoa jatetxeko Hilario Arbelaitz sukaldaria omendu dute.  

Ardiak Ordiziako kaleetan.
Ardiak Ordiziako kaleetan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Artzain Egunaren ospakizunarekin batera, ardiek Ordiziako kaleak hartu dituzte gaur. Orotara, 2.000 ardi baino gehiago bildu dira Gipuzkoako herri honetan.

Ospakizun honekin artzainek ardiak Aralar edo Aizkorriko mendilerroetara eramateko ohitura zaharra gogoratzen da, udaberria hemen den seinale. Orain kamioietan eramaten dituzte ardiak mendietara baina Ordiziako kale nagusietatik pasatzea antzinako ohitura gogoratzeko balio du.

Honekin batera, azoka berezia egin dute Ordiziako plazan, ardien eta gaztaren erakusketekin. Orotara, latxa arrazako 200 ardi izan dira gaur Ordizian. 50 artzain elkartu dira.

Idiazabal gazta

Honekin batera, Idiazabal gaztaren denboraldi berriaren aurkezpena egin dute gaur Ordizian. Lehen gazta mozteko ardura Donostiako Rekondo jatetxeko Lourdes Rekondoren eskuetan izan da. Jatetxe honek duela gutxi Repsol etxeko bi eguzki jaso ditu.

Bide batez, erretiroa hartu berri duen Oiartzungo Zuberoa jatetxeko Hilario Arbelaitz sukaldaria omendu dute. Idiazabal gaztaren alde egindako lana eskertu nahi izan diote horrela.

Gazta ekoizpenaren erregulartasuna eta kalitatearen sariak banatu dira ere. Lehenengoa Segurako Eneko Goiburuk jaso du. Kalitatearen saria, berriz, Idiazabalgo Abel Goibururentzat izan da.

Artzain munduarekin lotura dituzten jardueren erakusketak ere izan dira. Horrela, txikienek gaztagintzaren berri izan dute. Nagusienek ile mozketaren erakustaldia ikusten eta mamia dastatzen gozatzeko aukera izan dute.