NAIZ

Euskara eskakizunen kontrako epaiak aztertu eta aurrera begirako bide-orria zehaztuko du Lakuak

Lanpostuetan euskara eskakizuna deuseztatu dituzten epaiak aztertuko dituen legelariz osatutako talde bat osatu du Lakuak, Dobaran sailburuordeak iragarri duenez. Talde honek langileek hizkuntza eskubideak errespetatu daitezen EAEko araudian egin beharreko aldaketak aztertuko ditu.

Miren Dobaran, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea.
Miren Dobaran, Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordea. (Patxi BELTZAITZ | FOKU)

Hainbat lanpostutan euskara eskakizuna deuseztatzeko epaiak ohikoak izan dira azken hilabeteetan, eta Miren Dobaran Lakuako Hizkuntza Politikako sailburuordeak honen inguruko «kezka» agertu du, epaileak EAEko legedia «alboratuta» jokatzen ari direla esanez. Hori dela eta, Lakuak legelari talde bat osatu du euskararen kontrako epaiak aztertu eta hizkuntza eskubideak errespeta daitezen eman beharreko pausuak zehazteko.

Oposaketa desberdinen testuinguruan zenbait norbanako eta sindikatuk euskara eskakizuna deusezteko helburuz irekitako bide judizialak aintzat hartu dituzte epaileek. Soilik martxoan, EAEko Auzitegi Nagusiak Uliazpi Fundazioak lan deialdian euskararen ezagutza eskatu izana gehiegizkoa zela ebatzi zuen eta auzitegi berberak arrazoia eman zion Ondarroako autobus konpainia pribatu bati, zeinak epaileengana jo zuen ez zitzaiolako egokia iruditzen Administrazioarekin harremanetan euskara maila egokia eskatzea. «Gure legedia osoa alboratuta atera dituzten epaiak ez genituen espero», adierazi du Dobaranek asteazken honetan Euskadi Irratiko Faktoria saioan.

Gogora ekarri du EAEk badituela lege propioak lanpostuetako hizkuntza eskakizunak arautzen dituztenak, baina epai batzuetan «aipatu ere ez dira egiten», salatu duenez: «Oraintsu onartu diren lege batzuk ez dira aipatzen, esaterako, 2016ko Udal Legea. Horrek harritu egin gaitu, baina guri dagokigu gauzak ondo egitea, bi hizkuntza ofizial ditugulako hemen eta erakunde publiko moduan ardurak ditugulako hizkuntza eskubide guztiak errespetatu daitezen».

Legelariak, epaiak aztertzera

Ondarroako autobus konpainia pribatuari buruzko auziak eragina izan dezake Administrazio publikoaren kontratazioetan. Irizpide orokor gisa, Lakuarekin kontratuak sinatzen dituzten enpresa pribatuetako langileek euskaraz aritzeko moduko maila behar dute Administrazioarekin izaten dituzten harremanetan, funtzionario publikoen hizkuntza eskubideak bermatzeko. Alta, EAEko Auzitegi Nagusiak baldintza horren kontra ebatzi zuen, erakunde publikoarekin harremanak dituzten kanpoko eragileentzat «inposizio» bat dela argudiatuta. «Enpresa horri eskatzen zitzaion bakarra da gurekin harremanetan jartzeko pertsona euskaldun bat izatea», esplikatu du sailburuordeak.

Auzitegi Nagusiaren epai honen gisakoak saihesteko eta hizkuntza eskubideak zigilatzeko pausuak emango ditu Lakuak, Dobaranek iragarri duenez. Momentuz, legelari talde bat osatu du eta erakunde publiko «guztietako» ordezkariak deitu ditu epaiak aztertzeko eta aurrera begirako bide-orri bat adosteko helburuarekin. «Eskuliburu moduko bat osatuko dugu, gure kontratazio teknikarien artean hizkuntza klausulen ezagutza zabaltzeko», esan du. Horrek ahalbidetuko du, gaineratu duenez, EAEko legediak izan ditzakeen ahuldadeak konpondu eta erakunde publiko guztien jarduna irizpide berdinen baitan arautzea.

Halaber, esan du legelari talde horrek erabakiko duela EAEko Auzitegi Nagusiak Ondarroako autobus konpainiaren auzian aurkeztutako epaiari Lakuak helegitea aurkeztuko dion edo ez.

Titulazioa

Bestalde, Miren Dobaranek nabarmendu du garrantzitsuena gaur egun ez dela hiritarren hizkuntza gaitasuna, baizik eta «erabileran eragitea», erabilerak «gaitasuna baitakar».

Bere iritziz, hizkuntza gaitasuna «euskaraz lan egiten frogatzen da», ez hainbeste titulazioen bidez. «Uste dut badatozela 10-15 urte non eredu misto bat abiatzeko aukera izango dugun, horrela izan behar duelako, gizartea asko aldatu delako eta beste bide batzuk zabaldu behar direlako naturaltasun osoz. Horrek esan nahi du gure biziberritze prozesuan aurrera egiten ari garela. Bihar edo etzi logikoena izango litzateke inolako titulaziorik gabe, euskaraz ikasi badugu, gaztelerarekin egiten den bezala lan egitea», esan du.

Euskara plana

Lakuako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak ziurtatu du Euskara Sustatzeko Ekintza Plana «oso egokia» dela. Azaldu duenez, datozen hamar urteetan euskararentzat «irabazi behar ditugun esparru berriak» identifikatuko ditu plan horrek.

«Hezkuntzan egin dugu egin beharreko bidea, eta orain tokatzen zaigu eremu akademikotik salto egitea», esan du, eta gaineratu uste duela Euskara Planak aurrera egingo duela Gasteizko Legebiltzarrean, «alderdi guztiekin ez bada, adostasun zabalarekin»: «Ez dut uste inor dagoenik aisialdian, kirolean, ingurune digitalean edo eremu sozioekonomiko-pribatuan gazteei begira eman beharreko pausuen kontra».