NAIZ

Lehen mailako arreta berrantolatu behar dela ohartarazi du Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak

Lehen Mailako Arretaren Eguna dela eta Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak hau «berehala berrantolatzeko» beharra azpimarratu du. Agendak ondo antolatzea, kudeaketa horizontala eta biztanleria langileen egoeraz informatzea beharrezkoa dela zehaztu dute.

Donostiako Osasun Zentro bat.
Donostiako Osasun Zentro bat. (Gorka RUBIO | FOKU)

Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehen mailako arretaren egoerarekiko kezka adierazi du eta «kalitatezko sistema eskaini ahal izateko lehenbailehen egituratu eta antolatu beharra» dagoela.

Elkargoak ohar baten bidez jakinarazi duenez, berrantolaketa herritarren nahiz osasun-profesionalen –pediatrak eta lehen mailako arretako medikuak– beharrei erantzunez gertatu behar da.

Zehazki, langileen lan-baldintzak, ondoez psikikoa eta higadura dira beraien kezka nagusiak. Horren ondorio dira hitzorduetarako itxaronaldia handitzea, jarraitutasuna galtzea eta, oro har, «kalitatea eta pazientearen segurtasuna arriskuan jartzea».

Bide batez, jakinarazi dute Euskadiko Medikuen Elkargoen Kontseiluak dokumentu bat helarazi ziela proposamenekin Lakuako Osasun sailburuari, Osakidetzako zuzendari nagusiari eta Plangintza, Antolamendu eta Ebaluazio Sanitarioko zuzendariari. Oraindik ez dute erantzunik jaso.

Proposamenak

Proposamen zehatzak mahaigaineratu dituzte. Batetik, ekitaldien kopurua mugatzea, zereginen araberako denborak errespetatzea eta agendaren autokudeaketaren alde egitea, langileen egonkortasuna bermatzen baldin bada.

Bestalde, barne-komunikazio «handiagoa eta eraginkorragoa» eskatzen dute. Horretarako, Familia eta Komunitate Medikuntzarako egoiliarren eta Medikuntzako ikasleen tutoreen figura «zaintzea, sustatzea, aitortzea eta ezagutaraztearen eta prestigiatzearen aldeko apustua egitea» nahi dute. Gainera, profesionalak «hurbilagotik» tratatu behar direla uste dute, ondoezaren arrazoiak entzunez.

Biztanleriarekin lan egitea proposatzen dute ere. Izan ere, lehen mailako arretari buruzko informazio-, sentsibilizazio- eta prestigio-lan sakona egitea «premiazkoa» deritzote. Funtsean, lehen mailako arretako taldeetan «eguneroko lanean sumatzen den gogaitasuna, nekea eta motibazio eza konpontzeko».

«Garrantzitsua dela oinarrizko arazoak konpontzeko eta denboran eusteko neurriak hartzea, bat-bateko neurriak eta neurri eskasak ez hartzeko. Esate baterako, Aste Santu honetan Larrialdietako Etengabeko Arreta Guneetan erizainek artatu zituzten, ez medikuek, eta arreta-ordutegia nabarmen murriztu zen», gaineratu dute.