Maite Ubiria

Lurraldearen mesedetan hamarkada baten ibilbidea ospatuko du euskoak Ezpeletan

Euskal monetarekin eginiko lehenengo trukaketak 2013ko urtarrilaren 31n gertatu ziren. Gaur egun Europako tokiko monetarik erabiliena den euskoa 1.300 profesionalek eta 4.000 norbanakok erabiltzen dute. Ezpeletan ospatuko dute, larunbatean, hamar urteko ibilbide oparoa.

Euskoaren hamar urte ospatzeko besta eguna izanen da apirilaren 15ean Ezpeletan.
Euskoaren hamar urte ospatzeko besta eguna izanen da apirilaren 15ean Ezpeletan. (@EuskalMoneta | Euskoaren hamar urte ospatzeko besta eginen dute, apirilaren 15ean, Ezpeletan)

Egun osoko egitaraua prestatu du Euskal Moneta elkarteak euskoa abian eman zenetik lehenengo hamarkada ospatzeko. Goizean, ekonomilariekin mahai-ingurua antolatu dute eta 13.00etatik goiti elkarteko presidenteak, Xebax Christyk, topa egingo du Ezpeletara bertaratuko diren lagunekin ibilbide hori goraipatzeko, baina bereziki etorkizunak dituen erronkak irudikatzeko.

Euskoa abiatu zenetik lehen hamarkada igaro denean, ez da soberan euskal monetaren garapena hobeki ulertzeko datarik garrantzitsuenak oroitaratzea.

Euskal monetak eskainitako bilana harturik lurraldean sustraitzea ardatz duen euskoaren momentu nagusiak honako hauek lirateke:

2011: Euskoa martxan jartzeko prestaketari begira, Bavierara

2011ko ekainean egin zen lehen bilkura euskal moneta sustatzeari begira. Gogoeta prozesu horren baitan, bost boluntario Alemaniako Bavariako landerrera joan ziren, zehazki Europako
tokiko monetarik handiena sustatu duen Chiemgauer eskualdera.

%3ko elkartasun sistemaren ideia handik ekarri zuten, esaterako. Sozializazio fase handi bat martxan eman ondotik eusko izena hautatu zen Ipar Euskal Herriko tokiko monetarako.

2013: Lehen ordainketak euskotan

2013ko urtarrilaren 31n egin ziren lehen ordainketak eusko moneta baliatuta. Elkarteko boluntarioek eginiko saretze lanari esker ordurako ehunka profesionalek eta beste hainbeste norbanakok euskal moneta baliatzeko engaiamendua hartua zeukaten. Horri esker, hilabete gutxi igaro ziren euskoa frantses Estatuko tokiko monetarik handiena bilakatu arte.

Ekimena zabaltzeko gaitasun horren beste datu esanguratsu bat: bi urterako inprimatu ziren 126.500 euskoak hiru hilabeteren bururako banatu ziren, eta, horren ondorioz, elkarteak presaka beste 350.000 eusko inprimatu behar izan zituen.

2014: Hitzarmena Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP)

Euskoa mugitzea ez da tokiko moneta sustatu zutenen xede bakarra. Finean, lurraldearen garapena bermatzea baitzen ekimenaren helburua; horretarako %3ko elkartasun sistema martxan ematearekin batera elkarlanerako lan eremuak zehaztu zituzten.

Berehala hizkuntza garapen faktore bezala irudikatu zuten euskoa, baita dinamika sozial eta ekonomiko jasangarriagoak bultzatzeko faktore bezala ere.

Hala, tokiko monetaren sarean sartzen den profesional bakoitzari «afixaketa elebiduna» martxan jartzeko erronka bultzatzeko gonbidapena luzatu zitzaien hastapenetik.

Erakundeen eremuan, 2014. urteaz geroztik, urte guziz, Euskararen Erakunde Publikoarekin (EEP) izenpeturiko hitzarmenaren eskutik landu den partaidetza eremua zabalduz joan da. 

2017: Eusko digitala ospatzeko, lehenengo Eusko Eguna

Urte batzuk behar izan ziren euskoa formatu digitalean erabiltzeko. 2015ean hasi zen egitasmoa bi urte geroago bururatu zen. 2017an, lehenengo Eusko Egunaren kari mobilizazio kanpaina handi baten ostean aurkeztu zen. 30.000 euroko ditu bilketari esker, formatu digitalean 500 kontu korronte baino gehiago ireki ahal izan zituzten hiru larraldeetako herritarrek.

2018: Elkargoek euskal moneta baliatzeko hitzarmena

2018ko ekainaren 2an Ipar Euskal Herriko erakundeek tokiko moneta erabili ahal izateko hitzarmena izenpetu zen. Euskoarekin bat egin zuten lehenak Hendaia, Uztaritze, Lekorne eta gero Baionako Herriko Etxeak izan ziren. 2016an hartu zuten deliberoa.

Izan ere, urratsik esanguratsuena Lapurdiko hiriburuak eman zuen hautetsien ordainsariak edo diru-laguntzak tokiko moneta baliatuz jasotzeko aukera zabadu zuenean. Pirinio Atlantikoetako Prefetura garapen hori trabatzen saiatu bazen ere, finean erabaki zuen ordainketa horiek onartzea.

Gisa horretako lehen erabakia izan zen frantziar Estatu mailan. Horren geroztik beste tokiko erakunde batzuek, Lyonen, Nantesen edo Anguleman Euskal Monetak erabilitako hitzarmen eredua berreskuratu dute.

Hori ez zen izan 2018ak utzitako arrakasta bakarra: 2018ko urriaren 7an Alternatiba alternatiben besta handia bigarren aldiz Baionan ospatu zen. Euskoa gertakari horretara etorri ziren milaka erabiltzaileen moneta bilakatu zen. Hala, zirkulazioan zeuden milioi bat euskoren maila sinbolikoa gainditu zen. Ondorioz, euskoa Europako tokiko monetarik handiena bilakatu zen.

Arrazoiak bazituzten, eta hala egin zuten, 2019an, Baionako Elkarteen Etxean antolaturiko Eusko Egunean.

2022: 3,5 milioi eusko baino gehiago zirkulazioan

Milaka lagunen inplikazioari esker, euskoa «balio sendoak transmititzen dituen elkartasun sare bat» bilakatu da bere bultzatzaileek nabarmendu dutenez apirilaren 15ean, Ezpeletan, antolatu duten Eusko Egunari begira.

Horrekin batera tokiko ekonomia bultzatzeko proiektu egituratzaile bat da, eta eragin oso zehatzak baditu ekintza-tresna bezala euskararen erabilpena sustatzeko ere.

Era berean, trukeak birkokatuz, Ipar Euskal Herriko elkarte eta ekonomia eragileak laguntzen ditu tokiko euskal monetak.

Horiek guztiak aintzat hartuta, «hamar urte horien bilana arras baikorra da, eta dinamika horretan hurbiletik edo urrundik parte hartu duten indar eragileak harro egon daitezke egindako bideaz», adierazi du elkarteak.

Euskoa zertan dagoen gaur hobe ulertzeko, iazko abenduaren 31an 3.780.000 eusko ziren zirkulazioan. Gaur egun 1.300 profesionalek baliatzen dute euskal moneta. Euskal Hirigune Elkarteaz gain bertze 36 udal sartu dira euskoaren sarean.

Bestalde, 4.000 herritarrek erabiltzen dute haien eguneroko erosketa edo ordainketan euskoa, horietatik 3.000k kontu bat euskotan ireki dute.

Eusko sarea abiatu zenean billetea izan zen ordainketa tresna. Izan ere gar egun sistema digitalak ahal dira erabili ordainketak egiteko. Euskokart tarjeta bada eta sakelekoaren bidez ahal dira ordainketak egin Euskopay app erabilita.

Finean, diru trukaketa horien %3ko batazbestekoa aplikatuz 250.000 eusko banatu zaizkie orai arte lurraldeko 70 bat elkarteri.

2023: Eusko Egunak irudikatuko dituen erronka berriak

«Eusko Egunaren garrantziaren maila aldatuko da aurten, Ipar Euskal Herriko gertakari soziokultural garrantzitsuenen artean kokatu dadin», azaldu zuen Xebax Christyk Eusko Eguna aurkezteko eginiko agerraldian.

Hainbat erronka irudikatuko dituzte ospakizun horretan. Lehenik eta behin, partikularren sarea garatu nahi dute euskal monetaren sustatzaileek, hala heritarren zein euskoaren erabilera handitzeko. Euskal Moneta elkartearen tokian tokiko presentzia indartzeko asmoa dute eta tresna berriak garatzeko nahikeria badute ere, euskoaren erabilera «are gehiago» errazteko.

Bide beretik, profesionalen arteko zirkulazioa arindu nahi dute, eta elkargoek tokiko monetareb erabilpenari buruz dituzten molde hertsiak gaindituz monetaren balioa instituzio mailan ere bultzatu.

Larunbat honetan, egun osoko egitaraua antolatu dute egindakoa goraipatzeko eta geroko asmoak irudikatzeko.

Hitzaldi, merkatu zein ikuskizunak ez dituzte faltan izanen Ezpeletara joanen diren herritarrek.

Eusko Eguna kari antolaturiko ekimen gehienak kitorik badira ere, gaueko kontzertuetarako sarrerak behar dira eskuratu. Oholtzara igoko dira Mouss et Hakim (Zebda), Willis Drummond eta Le Bal du Samedi Soir taldeak.