J.S.

Ahoko osasuna, kirolarientzat ere funtsezkoa

Ahoko osasuna garrantzitsua da pertsona guztientzat, baita kirolarientzat ere, batez ere goi mailako errendimenduan ari direnentzat, ahoko osasun eskasak arriskuan jar baitezake osasun orokorra.

Igerilariaren sarroak asko eragiten die maila handiko igerilariei.
Igerilariaren sarroak asko eragiten die maila handiko igerilariei. (Getty IMAGES)

2012ko Olinpiar Jokoetan, Londresen, kirolarien %55i txantxarra detektatu zioten, %45i hortzetako higadura, %76ri gingibitisa eta %15i periodontitisa. Gainera, %18k aitortu zuen ahoko osasun arazoek eragin negatiboa izan zezaketela kirol errendimenduan.

Ahoko osasun ona mantentzea funtsezkoa da pertsona guztientzat, baina are garrantzitsuagoa izan daiteke profesionalki beren forma egoeraren mende daudenentzat. Ahoko osasuna da osasun sistemikoaren berme nagusia; izan ere, ahoa da gure organismoan sartzen diren birus eta bakterio gehienen sarbide nagusia.

Horregatik, aho osasuntsua edukitzea osasunaren sinonimoa da sarritan. Aitzitik, ahoko infekzioak agertzen direnean, arrisku handia dago odolera pasatzeko, eta infekzio sistemiko orokorrak eragiten dituzte, hala nola digestio infekzioak, arnasketa infekzioak, infekzio koronarioak eta muskularrak. Eta, normala denez, horiek eragina izango dute errendimenduan eta kirol jarduera erregularra egiteko gaitasunean.

Esan bezala, oso lotuta daude ahoko osasuna eta osasun sistemikoa. Hainbesteraino, non periodontitis larria artikulazioetako lesioekin, arazo endokrinoekin, kardiopatiekin, obesitatearekin eta diabetes arriskuarekin lotuta agertzen baita. Baina ez hori bakarrik, periodontitis larriak eragiten dituzten bakterio infekziosoak odolera igaro baitaitezke, erantzun immune orokortua eta inflamatorioa eraginez, «zitokinen ekaitza» izenez ezagutzen dena, hain zuzen.

Masailezurraren artikulazioa

Bestalde, zientifikoki, giharretako eta artikulazioetako mina hortzetako oklusio arazoekin lotuta egon da, dela masailezurraren artikulazioaren berezko arazoengatik, dela konponbide ortognatikoak behar dituzten ahoko arazoengatik. Gainera, denboran tentsio iraunkorra dagoenean, bruxismo kasuetan gertatzen den bezala, giharretako eta zerbikaletako minak, lesioak eta kontrakturak izateko arriskua areagotzen du.

Horregatik guztiagatik, ahoko osasuna berrikustea funtsezkoa da kirolarien errendimendu egokirako; izan ere, ahoko gaixotasunak izateko joera handiagoa izateaz gain, ondorio gehiago izaten dituzte.

Arazo ohikoenak

• Ahoko infekzioak:
Kirolariengan ohikoagoak dira hortzeriari eragiten dioten patologiak, txantxarrak, ehun bigunei eragiten dieten patologiak eta periodontitisa. Kirol jarduerarekin lotutako ahoko arnasketa areagotzea, deshidratazioa eta listu jariaketa murriztea izan daitezke horren arrazoiak. Hidratazioa mantentzeko ph azido baxuko edariak hartzea  egokia izan daiteke kalteak arintzeko.

• Bruxismoa:
Kirol lehiaketarekin batera doazen estresak eta ahaleginak eguneko eta gaueko bruxismoa eragiten dute. Denborak aurrera egin ahala, bruxismoak hortzetako higadura arazo larriak eragiten ditu, baita masailezurraren artikulazioan ere. Bruxismoa eragiten duen sintomatologia berehala tratatu eta arintze aldera (giltzaduretako mina, klaskak, buruko mina, zerbikaletako mina, loak hartzeko arazoak, eguneko nekea, hortzetako hausturak), komeni da hortzetako klinikan neurrira egindako deskarga ferula bat egitea.

• Igerilariaren sarroa:
Ahoko osasunean eta kirolean aparteko kapitulu bat merezi du igerilariaren sarroak. Izan ere, maila handiko igerilariengan duen eragina hain da handia, ezen igerilariaren sarro goitizena irabazi baitu. Beste paziente batzuetan ohikoa den sarroa ez bezala, magnesio fosfato, fosfato eta kaltzio karbonatoz osatua dago, igerilekuetako kloroarekin luzaroan kontaktuan jartzean listuaren PHa aldatu egiten baita.

• Hortz-hausturak, erabatekoak edo partzialak:
Kirol jardueren izaeragatik, bereziki kontaktu zuzena dakartenengatik, hortzetako istripuen eta traumatismoen indizea askoz handiagoa da kirolarien artean. Inpaktuek, hortz haustura erabatekoak edo partzialak edo hortzen ezpalketak eragiteaz gain, masailezurraren artikulazioan arazoak sor ditzakete, eta horretarako beharrezkoa izango litzateke tratamendu espezifiko bat gauzatzea neurrira egindako deskarga ferula bidez.