NAIZ

AHTaren lanak geldiarazteko konpromisoa berretsi du Biriatun eragileen ordezkaritza zabal batek

AHTaren aurkako mugimenduak Biriatun egin du ekitaldia larunbat honetan, makroproiektuaren aurkako borrokaren 30 urte betetzen direnean. Proiektu «suntsitzaile, xahutzaile eta antisoziala» geldiarazteko konpromisoa berretsi du kolektibo sozial eta sindikalen ordezkaritza zabal batek.

AHTren aurkako mugimenduaren ekitaldia Biriatun.
AHTren aurkako mugimenduaren ekitaldia Biriatun. (Patxi BELTZAIZ)

Bidasoaren bi aldeetako kolektibo sozial eta sindikalen ordezkaritza zabal batek AHTaren proiektua geldiarazteko borrokan jarraitzeko konpromisoa berretsi du Biriatun larunbat honetan, makroproiketuaren aurkako borrokaren 30 urte betetzen direnean.

«Azpiegitura bereko bi oposizioen lotura sinbolizatuz», bi komunikatu irakurri dira ekitaldian, hegoaldeko eta iparraldeko borrokak gogoratzeko. Testuinguru horretan, txalo zaparrada jaso du «gaur egun arte proiektua geldiaraztea lortu» duen Ipar Euskal Herriko ordezkaritzak, eta ekimenarekin bat egin duten 80 kolektibo baino gehiago aipatu dira.

Izan ere, makroproiektua geldiarazteko helburua berretsi duten kolektiboen artean, gizarte eragileak, antolakunde ezberdinak eta euskal gehiengo sindikala bera dago, besteak beste.

Oreka TX taldeko txalapartariek girotu dute Biriatuko ekitaldia, eta Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze eta Sutrai Colinaren bertsoak izan ditu.

«Transnazional boteretsuen» proiektua

Ipar eta Hego Euskal Herriko AHTaren aurkako mugimenduak gogora ekarri du 30 urte baino gehiago direla Europar Batasunak «‘Sare Transeuroparrak’ garraio azpiegitura plan erraldoia adostu zuenetik, Europako transnazional boteretsuenen aldeko lobbyaren presiopean».

«Ilunkeriaz, inolako gizarte eztabaidarik gabe inposatua, 987-1993 urteetan AHTari buruzko erabaki funtsezkoenak hartu zituzten. Euskal Herri guztia kaltetuko zuen AHT (470 kilometro) plan horren parte zen, inoiz gure herrian planteatu den egitasmo txikitzaile eta xahutzaileena zalantzarik gabe», erantsi dutenez.

Azken hamarkadetan, proiektua gauzatzeko emandako pausoek aurkitutako  protestak oroituta, AHTaren aurkako euskal mugimenduak nabarmendu du egungo krisi ekosozialaren testuinguruan, «sekulako gaurkotasuna eta legitimazioa» daukatela AHTaren aurkako arrazoiek.

«Natura eta landa lurrak inoiz baino beharrezkoagoak ditugu bizitza osasuntsu eta elikadura burujabea lortzeko, baliabide zaurgarrienen oinarrizko beharrak eta gastu sozialak burutzeko», azpimarratu dute.

Horren ondoan, datu bat eskaini dute proiektuan «xahututako» diru publikoaren inguruan: «‘Y’-aren aurrekontua, 4.200 miliorekin hasi zena, 10.000 milioira iritsiko litzake jarraituz gero».

Hegoaldeko agintarien jarrera aipatu dute ekitaldian. «Auzo-lotsa eta erabateko arbuioa» adierazi du AHTaren aurkako mugimenduak, «EAEko lehendakari Urkulluk Kantabria, Asturies eta Galizakoekin batera egindako lobby» itxuraren aurrean, Europa eta Estatu frantsesari lanak hasteko eskatuz.