NAIZ

Euskara erabiltzeagatik jasatako hertsapena salatu du Aitor Montes medikuak

Aitor Montes Aramaioko medikuak salatu duenez, Osakidetzako beste mediku batek bere paziente baten historia klinikoan haren kontrako mezuak idatzi ditu. Euskara ez erabiltzeko eskatzen dio ingelesez idatzita dauden mezuetan. «Hertsatua» eta «difamatua» sentitu dela dio.

Aitor Montes artxibiko argazki batean.
Aitor Montes artxibiko argazki batean. (Maialen ANDRES | FOKU)

Aitor Montesek Aramaioko medikuak bere paziente baten historia medikuan Osakidetzako beste mediku batek –Arrasateko ospitaleko anestesista bat omen da– jarritako mezuak salatu ditu. Ingelesez idatzita daude, Montesi zuenean zuzenduta daude eta euskararen aurkakoak dira.

Deba Urolako Ertzainetxean jarritako salaketaren arabera, bere kontra oldartu den medikuak hiru ohar idatzi dizkio paziente baten historian. Euskara ez erabiltzeko eskatzen dio, beste mediku hizkuntza ulertzen ez dutela argudiatuz. Halaber, «espainiarrekiko gorrotoa» ez erakusteko eskatzen dio.

Montes ezaguna da osasungintzan euskararen erabilera sustatze aldera eta euskaldunon eskubideak defendatzearren egiten duen lanagatik, eta adierazi duenez «hertsatua» eta «difamatua» sentitzen da , eta horren berri eman die Osakidetzako arduradunei. Osasun Zerbitzu Publikoko ordezkariei bidalitako agirietan jasotako mezuak agertzen dira, eta mezu horiek bidali dituen medikua salatu egin du.

Historia klinikoaren erabilera okerra eta legearen aurkakoa

Azaldu duenez, osasun gaiekin lotutako motiborik gabe paziente baten historia medikoan sartzea «kode deontologikoaren» aurkakoa da, eta gainera zigortua dago zigor-kodean. Gainera, mezuak idatzi dituen medikuaren jarrera «iraingarria» dela nabarmendu du, «gorrotoa» egotzi diolako.

Argi utzi du berak ez duela hitz egin mezuak bidali dituen medikuarekin. «Ez du nigana jo, eta ez dit mezu elektronikorik bidali ezberdintasunak konpontzeko; paziente baten historioa erabili du behin eta berriz mezu iraingarriak bidaltzeko», azpimarratu du.

Sortutako gatazka konpontzeko barne prozedura irekitzeko eskatu dio Debagoieneko ESIari. «Izan ere, nire ustez, jazarpen morala eta hertsapenak jasaten ari naiz euskaraz hitz egiteagatik eta erabiltzeagatik», gaineratu du.