Iraitz Mateo

Euskal Herriko Neska* Gazteek baterajotzea egingo dute urriaren 13tik 15era Usurbilen

‘Utopiak lehertzeraino’ lelopean antolatu dute Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea Usurbilen, urriaren 13tik 15era. Greba feminista orokorraren aurretik egingo dute, gazteek espazio propio bat izan dezaten beraien proposamen eta iritziak plazaratzeko.

Euskal Herriko neska* gazteek agerraldia Usurbilen, 2023ko batera baterajotzeajotzearen berri emateko
Euskal Herriko neska* gazteek agerraldia Usurbilen, 2023ko batera baterajotzeajotzearen berri emateko (Andoni Canellada | FOKU)

Usurbilen elkartu dira 60 bat neska gazte astearte goizean beraien hurrengo mugarriaren berri emateko: Euskal Herriko Neska* Gazteen Baterajotzea Usurbilen, urriaren 13an hasi eta 15era bitarte. Datorren ikasturtean egingo den greba feministaren aurretik, «neska gazteontzat espazio bat sortzeko» beharretik abiatuta antolatu dutela azaldu dute agerraldian. Erdigunea zaintzaren gaiak hartuko duela aurreratu dute.

‘Utopiak lehertzeraino’ izango du leloa udazkenean egingo duten baterajotzeak. Zaintza izango dute hizpide agerraldian kontatu dutenaren arabera, horregatik antolatuko dute mugimendu feministak datorren ikasturterako deituriko greba feminista orokorraren aurretik. Jadanik herriz herri eta auzoz auzo lanean dabiltzala azaldu dute, eta gehitu: «Gazteok beharrezkoa dugu antolaketa propio bat, gure behar eta  proposamenek tokia izan dezaten, mundu ikuskera propioa zabaldu dezagun, eta iritzi sortzaile izan gaitezen. Espazio propioak behar ditugu, grebaren aurretik Euskal Herriko neska gazteontzat espazio propio bat sortuko dugu baterajotzearekin».

«Sistema iraultzeko» antolatuta daudela azpimarratu dute agerraldiaren hasieran, eta testuinguruari dagokionez azken urteetan «krisi anizkoitzaren erpinetako bakoitza zorroztu» dela adierazi dute. Bizitza eta kapitalaren talka «bortizki areagotu» da gazteen arabera, eta horren ondorio dira bizitzaren garestitzea, oinarrizko baliabideen falta, eraso sexista, arrazista eta transmaribibolloen gorakada… «Distopia baten aurrean kokatzen gaitu», gaineratu dute.

Zaintzaren ulerkeran sakondu dute, egun zaintza lanen esparrua arrazializatua eta esplotatua dela adieraziz. «Eskubide izatetik urrun, zaintza betebehar gisa inposatu digute enpresek, erakunde publikoek eta gizonek». Eta aldi berean, egungo zaintza sistema iraultzeak potentzial politiko handia duela adierazi dute, «bestelako sistema bat irudikatzera eta antolatzera garamatzalako».

Amaitzeko, urrian egingo den baterajotzera dei egiteaz gain, greba feminista orokorrerako deia luzatu dute, «gerra hau ikusaraztera gatoz» esan dute. «Zaintza eskubidea izatea eta lan honen gaineko erabaki gaitasuna kolektiboa izatea exijitzen dugu; eztanda gaitasuna baliatuko dugu errotiko aldaketak eragin eta exijitzeko, eta urjentziazkoak diren aldaketak eskatzeko».