Azken bi txapeldunak izango dira aurtengo Buruz Burukoan beranduen hasteko aukera izango dutenak. Igandean ekingo diote euren aurtengo ibilbideari, ordurako euren aurkarietako batzuk; Ezkurdiak, Dariok, Jakak eta Peio Etxeberriak, ligaxkako bi partida jokatuta izango dituztelarik. Unai Lasok eta Jokin Altunak elkarren aurka jokatzen duten partida bakoitzak xarma berezia eta Bilbokoa ez da salbuespen bat izango, nahiz eta amezketarrarentzat, goizegi da oraindik euren arteko lehiei klasiko edo historiko adjektiboak gehitzeko.
«Horiek hitz handiak dira, oraindik gazteak gara, berak 26 urte ditu eta nik 27. Hemendik zazpi edo zortzi urtera biok hor goian jarraitzen badugu, orduan agian esan ahalko da historikoak direla, baina oraindik goizegi da», azaldu du Aspekoak gaur eguerdian inolako kexurik gabe egin duten material aukeraketan. Biek ere antzeko pilotak apartatu dituzte, saskian ziren lau bizienak, eta gustura geratu dira aurkitutakoarekin.
Historia egunero egiten den horretan, Bizkarreta-Gerendiaingoak badu erronka polit bat, 2013an Aimar Olaizolak egin zuenetik, inork ez baitu txapeldunaren gerriko gorria bi urtez jarraian jantzi. Nafarrak, ordea, nahiago du berunezko oinekin aritu, inguruan duen konpetentzia zeinen handia den ikusita, «noski nahiko nukeela txapela berriro jantzi», baina momentuz, argi du «helburua finalerdietara heltzea» dela, ahal dela «partida onak jokatuz».
Saiakera ugariren ondoren, iaz lortu zuen Unai Lasok, lehen aldiz, Jokin Altunari Buruz Buruko lehia batean gailentzea, finalerdian izan zen 22-17, eta Bilboko pilotalekuan bertan. Baliagarria izan daitekeelakoan, «batez ere lehen erdian airean ibili ninduen eta horren arrazoiak zeintzuk ziren ikusteko», Baikoko izarrak igandera bitartean ikusiko omen du partida hori, baina bere aurkariak ez du uste aurrekari horrek balio handirik duenik.
«Une horretan bera nin baino hobeto zegoen eta horregatik irabazi zidan, no hobeto egon naizen beste batzuetan nik irabazi diodan bezala. Gogoan dut une horretan bera ni baino txispa gehiagorekin zegoela, erraz xamar dominatzen zidan eta nik uste ondo irabazi zidala. Baina urteko 12 hilabeteetan ezinezkoa da beti sasoi berean egotea eta momentu desberdinetatik pasa behar izaten da».
Arazo fisikorik gabe
Eta, nola heltzen dira ba bi faborito nagusiak aurtengo Buruz Burukora? Gaur esandakoaren arabera behintzat, inolako arazorik gabe. Unai Lasok min hartu zuen aldakan Binakako finalean, baina txapelketaren aurkezpenean izan zitzakeen zalantzak erabat ahaztuak omen ditu. «Tarteka molestiaren bat izaten dut, baina behin berotuta inolako arazorik gabe aritzen naiz», azaldu du eta hala aritu omen zen atzo Iñaki Artolarekin burututako lan saioan. Binakakoan ezkerrean ere izan omen zituen arazotxoren batzuk, baina gustura amaitu zuen alegiarrarekin egindako entrenamenduan. Gainera, horren agenda estuarekin, igandera «pilota gosez heltzea» lehenetsi omen du.
Jokin Altunaren kasuan ere, izandako konpromiso desberdinek ez omen diote nahi bezalako prestakuntza bat egiten utzi, baina inolako min edo molestiarik gabe omen dabil eta hori gaur egungo goi mailako pilotari baten kasuan ez da oso ohikoa izaten. Ostiralean Azkoitian binaka jokatzen erakutsitako mailara buruz buru gerturatzen bada, bidearen zati bat eginda izango du amezketarrak.