NAIZ

Lan baldintzak hobetzea galdegiteko greba egin dute Justizia Administrazioko langileek

LAB, ELA, CCOO, CSIF, UGT eta STAJ sindikatuek deituta greba egin dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Justizia Administrazioko langileek. Lan baldintza hobeak eta Lan Baldintzen IV. Akordioa erabat garatzea eskatu diote Lakuako Gobernuari.

Justizia Administrazioko langileek astelehenean Donostian egindako mobilizazioa.
Justizia Administrazioko langileek astelehenean Donostian egindako mobilizazioa. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Greba eguna izan dute gaur EAEko Justizia Administrazioko langileek, LAB, ELA, CCOO, CSIF, UGT eta STAJ sindikatuek deituta. Lanuzteak egin dituzte astelehenetik hasita eta bihar, etzi eta datorren asteartean elkarretaratzeak deitu dituzte CCOO eta CSIF sindikatuek, Gasteizen, Bilbon eta Donostian, hurrenez hurren. 2.500 langile zeuden gaur grebara deituta.

Lakuak zabaldutako datuen arabera grebak %50eko jarraipena izan du, %47koa Araban eta %49,2koa Gipuzkoan. ELAk adierazi duenez, zenbait bulegotan langileen %90ak egin du bat grebarekin, hala nola, Gernikan edo Durangon.

LABek adierazi zuenez, langileek Lan Baldintzen IV. Akordioa erabat garatzea eskatzen dute, lan baldintzak hobetzeko. Honakoak dira sektorearen aldarrikapen historiko zehatzak, LABek eta ELAk jakitera eman dutenez: Euskal Administrazio Orokorreko funtzionarioekin soldatak eta erretiroak parekatzea; lanpostuak baloratzeko prozesua gauzatzea, martxan dauden antolakuntzako eta eraldaketa digitaleko erreformak, bai Avantius prozesuko kudeatzaile informatikoa ezartzeagatik, bai Antolaketa Efizientziaren Lege Organikoaren Proiektuaren eskakizunengatik egondako aldaketak; eta Genero Indarkeriaren Epaitegietako langileentzako osagarri bat.

LABek jakitera eman zuenez, azken 12 urteetan Administrazioari aldarrikapen horien berri emateko bilera ugari egin badituzte ere, «Eusko Jaurlaritzak oraindik ez du erantzun positiborik eman, martxoaren 31ko azken bileraren ondoren».

Ildo berean ELAk Lakuako Gobernuari eskatu dio arazoari konponbidea bilatu diezaiola, badaukalako horretarako eskumena bi sindikatuek planteatutako gaietan. Horregatik, mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute, «Estatu espainiarrean negoziatzen dena negoziatzen dela ere».