NAIZ

Erremontari Herriz Herri, erremontea Galarretatik ateratzeko apustua

Txapelketan Oriamendiko pilotari guztiek hartuko dute parte bi multzotan banatuta eta bikoteak jardunaldi bakoitzean aldatuko dira. Lehen jardunaldia larunbat honetan izango da Aizarnazabalen eta finala Zumarragan jokatuko da ekainaren 27an

Txapelketa jokatuko duten pilotari batzuk eta herrietako ordezakariak gaurko aurkezpenean.
Txapelketa jokatuko duten pilotari batzuk eta herrietako ordezakariak gaurko aurkezpenean. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Erremontari saioaren olatua aprobetatuz, erremontea Galarretatik atera eta Euskal Herriko beste herri batzuetara zabaltzeko ekimen berritzailea aurkeztu berri du Oriamendi enpresak. Erremontari Herriz Herri txapelketa. Joxe Mari Barrenetxea, enpresako ordezkariak azaldu duenez, erremontea zabaltzea Oriamendiren helburu bat izan da beti. «Azkeneko bi urteetan Erremontari saioari esker Euskal Herriko etxe askotan sartzeko aukera izan dugu, oso emaitza onekin. Aurten ere Erremontariren hirugarren urtea aprobetxatuz aurrera pauso bat eman nahi izan dugu herriz herriko txapelketa antolatuz. Horrela, erremontea zuzenean ikusteko aukera ematen dugu eta pilotazaleei erremontea ikusteko aukera hurbiltzen diegu herri ezberdinetan».

Oriamendirentzat oso proiektu polita eta garrantzitsua omen da hau eta «ziur gaude lehenengo txapelketa hau, hurrengo urteetan geroz eta zabalagoa izango dela. Hemendik animatu nahi genituzke jokatuko ditugun herrietako biztanleak erremonte jaialdia ikustera».

Erremontari Herriz Herri lehiaketa berritzailea da eta txapelketan Oriamendiko pilotari guztiek hartuko dute parte bi taldeetan banatuta: A taldean Erremontari saioan ari diren pilotariak egongo dira eta B taldean Oriamendiko beste erremontista guztiak.

Bederatzi herri

Txapelketa Euskal Herriko bederatzi herrietan barrena jokatuko da. Lehenengo jardunaldia larunbatean izango da, arratsaldeko 18.00etan, Aizarnazabalen.  Bidean, larunbatetan, Zestoak, Amezketak, Oriok, Beasainek, Altsasuk, Villabonak eta Hondarribiak jardunaldi bana jasoko dute euren pilotalekuan eta helmuga Zumarraga izango da. Finala bertako Beloki frontoian jokatuko da ekainaren 27an.

Txapelketa honetan bikoteak ez dira finkoak izango, jardunaldi bakoitzean aldatzen joango dira eta puntuaketa pilotari bakoitzarena izango da, eskuz Mallabiako Biharko Izarrak txapelketan erabiltzen den formula.

Gauzak horrela zortzi jardunaldiren ondoren, pilotari bakoitzaren emaitzak kontuan hartuta (eginiko tantoen eta hutsegiteen kenketaren emaitza) batezbestekorik onena duten lau erremontistek jokatuko dute talde bakoitzeko finala (bi aurrelari eta bi atzelari talde bakoitzean)

Pilotari guztiek partida kopuru bera jokatuko ez dutenez, –batzuk bi jokatuko dituzte eta beste batzuk hiru partida–, tantoen batezbestekoa egingo da finalistak aukeratzeko. Edozein arrazoi medio, eremontista batek partida bakarra jokatzen badu, ez du finalera iristeko aukerarik izango.