Azalpen luzea eman nahi izan du Javier Ares kazetari espainiar famatuak Euskal Herriko Itzulian euskararen gainean egin zituen adierazpen polemikoei buruz. Hamahiru minutu irauten du mezuak eta barkamen eskaerarekin amaitzen du, baina adierazpen honetan bere posizioa berrestera dator: lasterketan zehar taldeekin zuzeneko konexioak eginez gero, gaztelaniaz beharko lirateke izan, edo gaztelaniara itzulita, denontzat ulergarria izateko. Eta bidean, izena aipatu gabe jakintza, EH Bilduko Oskar Matute diputatuaren aurka egin du, honek Ares kritikatu ondoren. «Jakintsua» deitu dio.
Hau da mezua, bere osotasunean. Txioan datorren aurkezpenak jada autokritika gutxi adierazten du.
Si algo aborrezco es la cobardía y la mala intención. Y mi supuesta polémica sobre el euskera se la han inventado los mediocres oportunistas que quieren buscar protagonismo a costa de los demás.
— Javier Ares (@javierares) April 19, 2023
Por si necesitáis aclaración…https://t.co/7paEeZJ2rU
Gertatutakoa gogora ekarrita, Jorge Azanza Euskalteleko zuzendariak bere txirrindulariei euskaraz egiten zielako haserre ageri zen Ares, Eurosport telebista-kateko emanaldi batean. «Esperimentu gisa ondo dago hau baina hobetu beharra dugu: gaztelaniaz hitz egin behar da ere, edo itzulpena egin», kritikatu zuen. «Euskara ikasteko ere egokia izan daiteke, norbaitek horretarako interesa badu», erantsi zuen, mespretxu nabariaz.
Sare sozialetara polemika ekarri zuen jokabide honek, eta ondorioz aste batzuk pasata sakonki argitu nahi izan du Aresek. Baina atzera egin beharrean, eta bukaeran minduta sentitu direnei barkamena eskatu arren, berean tematu da. Zuzeneko konexio horietan gaztelaniaz aritu beharko lirateke zuzendariak eta txirrindulariak, edo bestela telebista-kateak itzulpen zerbitzua jarri, berretsi du.
Puntu honetan zehaztu duenez, Eurosportek ingelesera bakarrik egiten ditu itzulpenak, eta gaztelaniaz, frantsesez edo italieraz ari direnekin baino ez. «Esaterako, horregatik Alemaniako txirrindulariak ez dira alemanieraz aritzen gurean, ingelesez baizik», argudiatu du.
«Astuna egiten zen»
Itzulian, errealizatzaileak hala proposatuta, taldeetako barne-komunikazioak zabaltzeari ekin zion Eurosportek. Dirudienez, behintzat hala uste du Aresek, Caja Rural eta Euskaltel-Euskadi izan ziren bere solasaldiak zabaltzeko prest agertu ziren talde bakarrak, eta bi horietan «%80a euskaraz zen», Valladolideko kazetariak aipatu duenez. «Hasieran normaltzat hartu nuen baina denborarekin astuna egiten zen», esan du.
Zuzendari horiei zein hizkuntza erabili behar duten esateko bera ez dela inor aitortu du Aresek, baina jarraian bereari eutsi dio: «Jende guztiak ulertzea nahi badute, gaztelaniaz egin edo gaztelaniara itzulita izan dadila».
Hau guztia esanda, polemikak «min eman didala» adierazi du Aresek, aspaldi luzean «euskal txirrindularitzak pasioa eragiten didalako» eta «hizkuntzei errespetua diedalako». Eta barkamen eskaera erantsi du, «apaltasun osoz, apaltasuna ezaugarritzen nauen dohaietako bat ez den arren».
Matute, «jakintsua»
Mezuan, bestalde, sare sozialetan eta zenbait hedabidetan gertatutakoak izandako oihartzuna gogor kritikatu du Javier Aresek, bere ustez dena puztu dutelako. Eta bereziki haserre azaldu da «ordezkari politiko» batekin. Esan duena entzunda, bistan da EH Bilduko Oskar Matute diputatuari erantzuten diola.
Hau txiokatu zuen Matutek polemika honen harira:
Ser ignorante nunca debiera ser motivo de burla por nadie. Jactarse de serlo y hacer ostentación de ello si es motivo de befa. Eutsi! Gora euskal txirrindulariak!✊️ https://t.co/R8P5DUdsBm
— Oskar Matute (@OskarMatute) April 8, 2023
Aresek «jakintsua» deitu dio bera kritikatu duen ordezkari politikoari, euskarari dagokionean «ergel» izatearen akusazioa itzuliz.
Aldi berean, hala ere, «politiko horrek» ez duela berari mina emateko maila nahikoa aipatu du. Eta «lezioak eman» beharrean «erantzun» beharko lukeela erantsi du, hausnarketa hau ordezkari politiko guztiei zabalduz.