NAIZ

Paperak «indartsu» jarraitzen du euskarri digitalen aurrean

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan 2,5 milioi mailegutik gora egin ziren iaz paperean. Digitalean, aldiz, 127.000 mailegu egin ziren eLiburutegia zerbitzua erabilita. Euskarri digitalean aurrean, paperak «indartsu» jarraitzen duela nabarmendu dute. 

Sare publikoan, paperezko liburuak hautatzen dituzte irakurleek.
Sare publikoan, paperezko liburuak hautatzen dituzte irakurleek. (Patxi BELTTZAIZ)

Lakuako Gobernuak Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietako datuak argitaratu berri ditu. Horien arabera, iaz 2.536.461 mailegu egin ziren liburutegi publikoetan, aurreko urtean baino 137.274 gehiago. Horrez gainera, sareak bazkide berriak ere batu ditu (15.211, zehazki) eta orotara 935.360 pertsonak erabiltzen dituzte liburutegiok.

eLiburutegia liburutegi digitalaren 2022ko datuak ere eman dituzte. Orotara 126.849 mailegu egin ziren, aurreko urtean baino 8.623 gutxiago. Hala ere, iaz 5.864 erabiltzaile berri erregistratu ziren eta guztira, egun, 58.860 pertsona daude eLiburutegian izenda emanda.

Liburutegien sareak, beraz, ia milioi bat erabiltzaile ditu orotara eta, balioan jarri dutenez, datuok agerian uzten dute paperak «indartsu» jarraitzen duela eukarri digitalen aurrean.

Mailegatuenak

2022an gehien mailegatu ziren liburuen zerrenda ere eman dute argitara. Paperean, hurrenez hurren, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’, Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’, Kirmen Uriberen ‘Izurdeen aurreko bizitza’, Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’ eta Alaine Agirreren ‘Karena’ izan dira euskarazko liburu mailegatuenak. Gaztelaniaz, Eva Garcia Saenz de Irturiren ‘El libro negro de las horas’, Carmen Molaren ‘La bestia’, Isabel Allenderen ‘Violeta’, Julia Navarroren ‘De ninguna parte’ eta Mikel Santiagoren ‘En plena noche’ izan dira maileguan gehien hartu direnak.

Digitalean, Amets Arzallus eta Ibrahima Balderen ‘Miñan’ izan da mailegatuena euskarazkoen artean, eta atzetik jarraitzen diote aurrez aipatutako Rodriguez, Uribe eta Jaioren eleberriek. Bosgarren postuan, Jasone Osororen ‘Ezekiel’ dago. Gaztelaniazkoen alorrean, Garcia Saenz de Urturiren eta Molaren liburuak dira mailegatuenak, eta Maria Dueñasen ‘Sira’, Paloma Sanchez Garnicaren ‘Últimos días en Berlín’ eta Maria Oruñaren ‘Lo que la marea esconde’ daude atzetik.

Audioliburuak

Irakurketa Publikoko Sarea 2004an sortu zen liburutegi publiko guztiak bildu eta sinergiak sortzeko. Egun, 198 udalerritako 297 liburutegik osatzen dute.

eLiburutegia, aldiz, 2014an jarri zen abian eta egun 26.217 ale eta 12.600 film eta dokumental eskaintzen ditu. Berrikuntza gisa, 2023an audioliburuak eskaintzen hasi dira: momentuz 100 audio-liburu inguru daude erabiltzaileen eskura, horietatik 18 soilik euskaraz. «Pixkanaka-pixkanaka kopurua handitzen» joango dela esan dute Lakuatik.