NAIZ

Otegi: «Lokatzetan sartu nahi gaituzte, baina gu gurera»

Maiatzaren 28rako hauteskunde kanpaina abiatzeko hiru aste baino gutxiago falta direnean, EH Bilduk herritarrentzako proiektu sendoa duela nabarmendu du Arnaldo Otegik, eta horregatik gainerako polemikak saihestuko dituela: «Lokatzetan nahi gaituzte»

Arnaldo Otegi, Ondarroako ekitaldian.
Arnaldo Otegi, Ondarroako ekitaldian. (EH Bildu)

Lea-Artibai zerrenden aurkezpenean hizlari izan da igande honetan EH Bilduko koordinatzaile nagusi Arnaldo Otegi. Ika-mika zehatzik aipatu gabe, bere indar politikoa «lokatzetan sartzeko» ahalegina salatu du, eta hor «ez gaituzte aurkituko», ziurtatu du.

«Badaude bere sigla politikoak eta bere interesak bakarrik defenditzen dituztenak. Gu herritik jaio ginen, herriarekin egiten dugu bidea eta herria eraikitzen dugu. Gu hona gatoz esaintza politikoa egitera, zerbitzua ematera. Eta azkenean herriak du hitza eta erabakia», ziurtatu du Otegik.

«Guk herria hau maite nahi dugu. Ez gara ez ezpainolak, ez frantsesak. Gu euskaldunak gara. Gu abertzaleak gara. Lehen indar munizipalista gara eta horrela izaten jarraituko dugu hurrengo hauteskundeen ondoren, ziurrenik distantzia handiagorekin», adierazi du Ondarroan eginiko ekitaldi honetan.

«Atzo zerbitzu publikoen eta euskararen alde atera ziren euskal herritarrak kalera –ekarri du gogora, Osasun Publikoa Aurrera plataformen deialdiaren arrakastari aipamena eginez–. Herri hau bizirik dago. Herri honek itxaropenerako blokea eraikitzen ari da, ezker independentistaren inguruan», erantsi du, Iruñeko Aberri Egunean zabaldu zuen mezua berretsiz.

«Ustelkeria zero»

EH Bildun «ustelkeria zero» dagoela gogora ekarri ondoren, «zenbaitzuk zaborretan nahi gautuzte», ohartarazi du. «Gu lokatzetan sartzeko interes handia dute eta eztabaidak lokatzetako sustatzeko. Baina lokatza bilatzen duten horiek edo ez dute proiekturik edo gezurretan oinarritutako proiektua dute. Guk, aldiz, proiektua dugu herri honentzat», jarraitu du.

«Guk trantsizio energetikorako, hezkuntzarako, aberastasuna banatzeko edo enpresa ereduko edo etxebizitzaren inguruko eztabaida sustatu nahi dugu. Hori da gure proiektu politikoa. Horretaz hitz egin eta eztabaidatu nahi dugu», nabarmendu du Otegik.